Atsegin dut Saskiko ura bezala esamoldea. Iheskortasuna ezerk baino hobeto adierazten du. Kearen gisan esanez gero ere iheskortasuna adierazten ari gara, baina alde handia dago. Kearena jakineko kontua da. Saskian ura hartu duenak ordea zerbait harrapatu duela uste du, harik eta deus gabe dagoela ohartzen den arte.
Franco diktadorea hil zen egunean 14 urte genituen eta Euskadi askatu zela sinistu genuen, hitz horiexekin. Orain barre-murritx errukiorra eskaintzen diozu zeure buruari zenbateraino lelo zinen gogoratuta. Gogoan duzu, era berean, garai hartan Euskal Herria esamoldea erabiltzea baino hobeto ikusia zegoela inguruan Euskadi erabiltzea, bata baitzen folklore kirasduna, eta bestea ikuspegi politiko irmoaren adierazle. Eta gogoratzearekin, barre-murritxak berriz egingo dizu ihes. Ez dakizu noiz eta zergatik bihurtu zinen pozarekiko fidakaitz. Ez dakizu noiz ohartu zinen iturrirako atzera-aurrerak saskiarekin egiten ari zinetela, eta apenas iristen zela urik etxera.
Kataluniako Diadak sorturiko durundiaren inguruan datozkidan gogoetak dira. Han aurrerapauso bat eman dutela dirudi. Hainbesteko jendetza biltzea bera esanguratsua bada,manifestazio buruko pankartak zioenaren atzetik biltzea are esanguratsuagoa da. Katalunia. Beste Estatu bat Europan. Estatu hitzak, independentziak edo erabakitze eskubideak ez duten bestelako oihartzuna du nonbait, eta Espainiako indarrik atzerakoienak aztoratu egin dira. Edukatuenek Katalunia galtzea Espainiarentzat galera handia litzatekeela onartu dute, baina asko eta askok Estatu hitza entzun eta zeru-lurrek bat egingo balute bezala erreakzionatu dute.
Xelebrea da: ideiaz, pentsamoldez eta bizieraz Estatuaren aurkako asko ari dira, gara, Estatu baten aldeko aldarrikapenean eta ideiaz, pentsamoldez eta bizieraz Estatuaren aldekoak direnak beste Estatu bat sortzearen aurka ari dira ahaleginean.
Hemendik, euskaldunok, inbidia punttu batez begiratu diegula esango nuke… Baina saskiko urarena burutik kendu ezinik nabil aldi berean. Hemen bertan hain aldarrikapen argia sekula egin ez duten politikari euskaldunak manifestazio hartan ikusten dituzunean, zu ere zeure herrian ez zarela inoiz mozorrotu bururatzen zaizu, herritik urrun baizik, ezagutzeko arriskurik gutxien den lekuetan hain zuzen ere. Edo Artur Mas jauna «asko eskatu, aski lortzeko» jokabideaz ari dela sumatzen duzunean, 14 urteko mutiko hartaz gogoratzen zara eta ez dela amaren umerik aitaren batean dena aldatuko dela sinestaraziko dizunik, egiten diozu, fidakaitz,zeure buruari zin.
Diadaren inguruan mila gauza gertatu dira, itxuraz pisuzkoak. Niri ordea, sekula ahaztuko ez zaidana, Monica Terribas kazetariak Joan Sales idazleaz egin zuen aipamena da. Hiru esaldi, begiratu batera arin antzekoak, aski dira teorizazio mamitsu eta liburukote marduletan datzan guztia esan-indar handiagoz laburbiltzeko: «Kataluniarrok hirurehun urte daramatzagu kokoloak izaten. Zer egingo diogu, kataluniar izateari utzi? Ez…Utz diezaiogun kokoloak izateari».
Kokolotasuna zertan datzan ez gara segur aski guztiok bat etorriko. Ona eta txarra bereizten zaila den bezala, ongidagoena eta gaizki dagoena —bakoitzarentzat eta une bakoitzean— bereiztea ez da hain zaila.
Herri honetan ordea, hori ere lan nekoso bihurtu da. Uribetxebarriaren askatasun eskea dela eta atzoko BERRIA-n Aizpea Diez Arrietaren eskutitza zetorren. Gutunaren muinaz jabetu nahi duenak atzoko berri-papera eskuratu baino ez du. Pasarte batean hala zioen: «Beste adibide bat; guztiz ados nago Andoni Egañarekin; Uribetxebarriak aspaldi egon behar zuen etxean, gizatasunak zein legeak hala agintzen dutelako. Ezin ote zuen aipamentxo labur bat ere egin, zehazteko Uribetxebarriak ez zuela inolako erruki eta gizatasunik azaldu Ortega Lara bahituta eduki zuenean, heriotzaren atariraino, ezta hiru guardia zibilekin ere»…
Eskertzen diot iradokizuna Aizpeari. Azaldu nuen, bere garaian, pertsona bat bahitu eta egoera horretan edukitzea niretzat gaizki zegoela. Orduanez ziren falta izan GALek egindako sarraskiak, Estatu indarkeria, kartzela politika ankerraeta abarrak ahaztuta al neuzkan galdetu zidatenak. Orain Uribetxebarriak egindakoak ahaztu ditudan galdetu didatenak ere ez dira gutxi izan. Ez dut ezer ahanzten. Nahiago nuke gaitasunik banu! Baina ongi dagoena ongi dago eta gaizki dagoena gaizki. Hori da iturria. Gainerakoa… saskiko ura.
Plazatik
Diada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu