«Israel Gazan egiten ari den genozidioak etekin ekonomikoak ematen dizkie batzuei; horrexegatik ez da eteten. Badaude horrekin dirua egiten ari direnak». Francesca Albaneseren hitzak dira horiek. Albanese Palestinari buruzko NBEren kontalari berezia da, eta ekainean argitaratu duen txosten entzutetsu batean xehe-xehe azaldu du enpresek eta erakundeek nola laguntzen duten Palestinako herriaren genozidioan eta okupazioan.
Albaneseren txostenean Euskal Herrian egoitza duen enpresa bat agertzen da: CAF, Euskotreneko trenak eta tranbiak eraikitzen dituen enpresa. Jerusalem okupatuko lantokien eta aldirietako legez kanpoko kokalekuen artean eroso bidaiatzeko kolonek behar dituzten tranbiak ere eraikitzen ditu CAFek. Zuk eta Nazioarteko Justizia Auzitegiak apartheida ikusten duzuen bitartean, CAF bezalako enpresek negozioa egiteko aukera biribila ikusten dute.
Baina, Albaneseren txostenean Euskal Herriari egiten zaion aipamen bakarra hori bada ere —mundu osoko lankidetza-kasu handi eta adierazgarrienak bakarrik aztertzen baititu—, urrun dago geurean kasu bakarra izatetik. Israelekin lankidetzan ari diren Euskal Herriko enpresa eta erakunde publikoen sarea oso zabala da: kontratu militarrak, errepresio teknika eta teknologien kolaborazioak —Ertzaintza eta Foruzaingoarenak kasurako—, merkataritza harremanak, kolaborazio kulturalak —Baskonia saskibaloi taldeak urtero egiten duena, adibidez— ugariak dira. Horretan guztian gehiago sakontzeko, Euskal Herrian egindako beste txosten salatzaile bat daukagu, Israel hemen ere hasten da izenekoa.
Europako enpresa eta erakunde publikoen lankidetza Israelgo Estatu kolonialaren giltzarri da: hura gabe, ezinezkoa litzateke Palestinako okupazioa, apartheida eta genozidioa gauzatzeko Israelek duen zigorgabetasun erabatekoa. Hori dela eta, arazoaren konponbidea ez da konplize diren erakundeetatik etorriko. Haiek zerbait egingo dutela itxaroteak inpotentziara eta apatiara garamatza.
Horren ordez, Euskal Herrian eta Europan bizi garenok erantzukizun argia dugu: giltzarri hori suntsitzea. Alegia, Israel eta haren konplizeen aurkako boikotaren, desinbertsioaren eta zigorren alde mobilizatzea. Halaxe egiteko eskatzen du Francesca Albanesek bere txostenean, eta halaxe egiteko eskatzen du Palestinako gizarteak ere duela 20 urte BDZ Boikot, Desinbertsioen eta Zigorren aldeko nazioarteko kanpaina sortu zuenean (ingelesez, BDS), Euskal Herrian ere aktibo eta indartsu ari dena. Konplizitatearen aurkako borroka ez da lan osagarri bat, Europatik egin dezakegun ekarpen nagusia eta eraginkorrena baizik.