Joxerramon Bengoetxea.

EHU: balore demokratikoak eta komunitatearen zaintza

2026ko otsailaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

2025eko maiatzean, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) Choose Europe for Science ekimenera batu zen, Europako Batzordeak eta Frantziako presidenteak sustatutakoa. Han aldarrikatu ziren unibertsitateak komunitate zientifikoari irekitako eta askatasun akademikoarekin konprometitutako gune gisa, nazioarteko testuinguruan zalantzan jartzen denean klima-aldaketa edo aniztasuna bezalako esparruetan egiten den ikerketa.

Konpromiso hori bera adierazi zen azaroan unibertsitateen oinarrizko printzipioak berresten dituen Magna Charta Universitatum 2020ren sinadurarekin, hala nola autonomia instituzionala eta ikerketa-askatasuna. Unibertsitateek eztabaida askerako, elkarrizketarako eta intolerantzia baztertzeko guneak izan behar dute. EHUk bere egiten ditu balore horiek, eta bere campusetan aktiboki defendatu nahi ditu. 

Unibertsitateak proiektu totalitarioen aurka agertu behar dira. Umberto Ecok 1995ean ohartarazi zuen faxismoak forma desberdinak hartzen dituela, baina ezaugarri berdinak dituela: arrazoiarekiko mespretxua, desberdintasunarekiko beldurra, kritikarekiko etsaitasuna eta lidergo autoritarioekiko kultua. Gaur egun, nazional-populismoaren hainbat adierazpidek Europako integrazioaren, 2030 Agendaren, immigrazioaren edo genero-berdintasunerako politiken aurkako jarrera partekatzen dute. Egungo egoera geopolitikoan, zalantzan jartzen da balore humanista eta demokratikoetan oinarritutako eredu europarra, eta gure gizarteak polarizatzen dituzten gerra kulturalak sustatzen dira.

Testuinguru horretan, EHUko errektoretza-taldeak irakaskuntzaren aldaera telematikora pasatzea erabaki zuen Voxek Arabako Campusean, otsailaren 23an, astelehenean, egindako deialdiaren aurrean. Farmazia Fakultatearen parean dagoen gune hori titulartasun publikokoa da; alegia, baimena ez dagokio unibertsitateari. O23ren aukeraketak ekintzaren asmoari buruzko zantzu garbiak ematen ditu. Gure erabakiaren helburua izan zen pertsonen segurtasuna eta zaintza lehenestea eta, aldi berean, prestakuntza-zerbitzuari eustea. Halaber, planto egiten zaio eta gaitzespena adierazten dio, legezkoa dela-eta ekitaldia egiteko baimena eman zaionari. Gure ustez, alderdi horrek ukatu egiten ditu gure unibertsitatearen oinarri diren baloreak, gure estatutuek jasotakoak: aniztasuna, pertsonen eta gizartearen garapen askea, jasangarritasuna, bakean eta elkarrizketan oinarritutako bizikidetza, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta diskriminazio mota ororen aurkako borroka. Beste aldera begiratzea ez da aukera bat.

Aurpegiratu digute ez aipatu izana badirela ekitaldi horri deialdi antifaxista batekin erantzun nahi dioten taldeak. Hartutako erabakiak, hain zuzen ere, arriskuak murriztea du helburu. Segurtasunaren arloan eskumena duten agintariak bat etorri dira gure azterketarekin; trafikoa moztu eta inguruan aparkatzea mugatu dute. Ez dago azalpenean sakondu beharrik.

Horrek ez du saihesten onartzea intolerantziak ez duela jatorri bakarra. Gure unibertsitatean izan badira pertsonen kontra egiten duten pintada eta kartel oldarkorrak eskegitzen dituzten ikasle-taldeak. Hainbatetan ere egon dira mehatxuak, ke-poteak jaurtitzea eta gure ondarea kaltetzea. Ez da fenomeno berria; ez da 2024ko azarotik aurrera sortutakoa, gure Denon Artean hautagaitzak EHUn boto haztatuaren bi heren eta emandako botoen ia hiru laurden bildu zituenetik. Aurreko errektoretza-taldeek ere antzeko egoerak bizi behar izan dituzte. Hori dela eta, Estatutu berrietan eta 2026-2028 Plan Estrategikoan praktika horiei aurre egiteko beharra azpimarratzen dugu, gure unibertsitatearen baloreak defendatzen ditugun irmotasun berarekin. 

EHUk defendatzen dituen printzipioekin bat etorriz, unibertsitate-komunitate osoa gonbidatzen dugu (i) martxoaren 3ko gertaera lazgarrien 50. urteurrena gogoratzeko EHUgunek antolatuko duen konferentzian parte hartzera; (ii) martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren aldarrikapenarekin bat egitera, eta martxoaren 5ean campus guztietan egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzera, genero-desberdintasunak salatzeko; (iii) arrazakeriaren aurkako konpromiso irmoa adieraztera, martxoaren 21eko Arraza-bereizkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren aldarrikapen-egunean; unibertsitate ireki, askotariko eta ez-diskriminatzaile baten alde; (iv) eta nola ez, Korrikaren hurrengo edizioan parte hartzera, gure hizkuntzaren normalizazioaren alde Euskal Herri osoan (martxoaren 19tik 29ra), EHUk lankidetza-akordio baten bidez babestu duen ekimena. 

Lan-eskubideen alde eta gobernu faxisten aurka, unibertsitate feminista baten alde, arrazakeriarik gabea, irekia, anitza, eleaniztuna eta euskalduna. Voxek ordezkatzen eta aldarrikatzen duena horren guztiaren aurkakoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA