JULEN OILLARBURU

Kontakizunaren bataila

2026ko abuztuaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jende multzo bat murru bati begira. Hamabost bat dira eta, adi-adi, Gerarden azalpenak entzuten ari dira. Kaskoa xuri, gorputza ttipi, jestua erne eta mihia bizkor, hiriaren hegoaldeko auzo honetan bizi da betidanik, Falls Road etorbidetik gertu sortua baita. Belaunaldien arteko pasabidea da Gerard. Urte batzuk daramatza turistei zein mundu osoko militanteei bere herriaren historia kontatzen, boluntario gisa. Eta badu zer konta.

Gatazka armatua gelditu bada ere, eta gerrara ohitu gintezkeen arren, gerra bai baitago. Eta memoria ere borrokarako tresna baita. Hemen, murruak kolorez janzten dira, lagunen omentzeko, isilarazi dituztenen argitzeko, gertakariak ahanzturatik askatzeko. Kontakizunaren batailak badu enpatiatik eta pedagogiatik. Hiri honetara datorrenak ulertzen du gatazka baten erdira datorrela.

Falls Road eta Sevastopol Streeten arteko karrika izkinan, ortzadarraren koloreak altxatzen dira gure parean, kate urdinez inguraturik. Bi txorik hausten dituzte kateak. Paretaren erdialdean gizon ile-luze bat, irribarretsu: Bobby Sands da. «Gure seme-alaben irribarrea izanen da gure mendekua», irakur daiteke ondoan.

Itsasun, joan den agorrilaren 23an estreinatu zuten Txomin Olhagarai Iparretarrak-eko militantearen omenez egin margolana. Dantzariak ageri dira, ardi tropa bat, baserri bat, haren bisaia, eta esaldi hau: «Lur huntan landatu dugu hitza, herri libre baten promesa». Baina berriki izendatua izan den prefetak Itsasuko herriko etxeari murala ezaba dezan agindu dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA