Alazne Arruti Bengoetxea.

Turistarena

2026ko abuztuaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abuztuko lehen asteetan opor egunak hartu ditut, aspaldiko partez lagunekin bidaia handi samar bat egiteko aitzakiaz. Handia diot, inoiz ez baitut Europaz gaindiko mugarik, ez putzu handirik zeharkatu haiekin.

Azkenekoz, ikaslea nintzenean hartu nuen hegaldi luze bat. Baina, orduan, zortzi urte gutxiago eta sei hilabete luze nituen neure kasa Mexiko ezagutzeko.

Ordutik mantentzen dudan lagun mexikar bat etorri da bisitan duela gutxi, eta oporren aurreko estres eta esku arteko bidaia ezohikoak eragindako urduritasunezko zurrunbilo betean besarkatu nuen, Zarautzera gerturatu zenean.

Berandu zenez, berarekin zetorren lagun amankomunarekin batera, kale nagusiko lokal batean bakoitzak bere entsalada modernoa eraiki eta malekoian eseri ginen bazkaltzera.

Otordua amaitu ostean, izozki bana hartu eta Mollarrirantz jo genuen. Eskailerak igo, paisaiaz eta brisaz gozatu, eta belzten hasitako zerupean egin genuen itzulerako bidea, euria hasi aurretik, uretan barneratzeko helburuaz.

Hondar aleak astindu eta elkar agurtuta, Castrorantz itzuli ziren, hurrengo egunean bertako lagunaren eskutik herria ezagutu eta Sonabia ingurua bisitatzea adostu genuelarik.

Larunbatean, bihotza beteta eta barrenak mugituta hartu nuen etxerako bidea. Ezagutzen ez nuen gertuko herri baten xarmak harrituta. Baina batez ere, pare bat astez Kolonbia bisitatzeko oraindik egiteke nituen motxilen zama soinean sumatzen hasia nintzela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA