Miel Anjel Elustondo
Lanartea Elkarteko presidentea

Ez esan gizarteari

2026ko martxoaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da urtebete Eusko Legebiltzarraren Kultura Batzordearen aurrean Euskal Artisten Lan eta Bizi Baldintzei Buruzko I. Inkestaren emaitzak aurkeztu genituela. Gure elkartearen lan horrek bazituen bi ezaugarri berezi: diziplina artekoa zen, eta hizkuntza zehar lerro gisa zerabilen. Ezinbestean, euskarazko kultur sistemako langileok batzen baikara Lanartean.

Bildu genituen datuek kulturgileen egoera negargarria uzten zuten agerian, eta, egia esan, ez gintuzten harritu. Denak ezin hona ekarri, eta hiru datu aipatuko ditugu: jarduera artistikoa ogibide bakar edo nagusi dutenek, batez beste, hilean 1.027,5 euroko irabazi garbiak izan zituzten 2023an; horietatik %36k jarduera artistikoa uztea pentsatua zuten azken urtebetean; eta euskaraz soilik sortu zutenek ele biz (edo hiruz) ari direnen erdia baino gutxiago irabazi zuten. Hizkuntza hautuak badu eragina, bistan da, eta ez nolanahikoa.

Datuon aurrean, gurekiko enpatia adieraztearekin bat, errealitatearen argazki «oso tragikoa, drastikoa» egin genuela esan eta euskal erakunde publikoek kultur arloan egindako lana goraipatu zuen Garikoitz Mendizabal legebiltzarkide jeltzaleak ‒txistularia ere bada‒. Bingen Zupiria Kultura sailburu zen garaian egindako sortzaileentzako praktika onen gida goratu zuen, besteak beste, kulturgileok lana ondo egiteko aholkuz betea omen dagoena. Han bertan erantzun genion, pozten ginela aurreko legealditik egina dagoen gida hori irakurtzeko aukera izan bazuen, baina kulturaren langileok ez genuela grazia hori izan oraindik, Jaurlaritzak publikatu gabe zeukalako. Galdera bat ere egin genion: ze praktika onen gida ezartzen dio bere buruari administrazio publikoak kulturari dagokionez? Ez zigun erantzun.

Ekainaren 16ko kontuak dira horiek, eta hara non ikusi dugun Mendizabal jauna, otsailaren 11n, sortzaileontzako praktika onen gida berriz iragartzen ‒oraindik ez dute publiko egin, ez‒, Euskal sortzaile, artista eta kultur arloko profesionalen prekaritatearekin amaitzeari buruz EH Bilduk Legebiltzarrean aurkeztutako mozioari erantzunez. Funtsean, Ibone Bengoetxea Kultura sailburuak plaza berean abenduaren 5ean esan zituenen laburpena egin zuen Mendizabalek, punta-puntako kultur politikak ditugula azpimarratuz: «Lurraldearen barruan eredu estrukturalagoa da gurea, tokiko ekosistema artistiko anitz bati erantzutera bideratua».

Horregatik, jakina, hitzok esan zituen egun berean EAJk eta PSE-EEk aurkeztu zuten neurri zerrendan puntu hau zekarren: «Artisten hastapen mapaketa bat egitea eta, ondoren, kultura-lanbideen ekosistemari buruzko azterlan bat egitea, kultura-lanbideen ezaugarriei buruzko datu gehiago eta hobeak izateko, haien aniztasuna dela eta, eta sistemak behar dituen hobekuntzak sartzea ahalbidetzeko».

Hainbeste laguntzen omen duten kulturgileen kolektiboan zenbat gauden eta gaudenok zein baldintzatan egiten dugun lan ez dakitela, alegia. Pentsatzekoa da, ondorioz, non-nahi aipatzen dituzten kultur sistemako 30.000 langileen kolektiboan ez dutela sartzen idazle, margolari, musikari, irudigile, aktore, kantari, gidoilari, bertsolari, dantzari, eskultore, komikilari, itzultzaile, zinemagile... andana.

Jaurlaritzak praktika onen gidaren prestaketan segitzen du eta sarearen estruktura sendotzea du helburuetako bat. Ze sare, ze estruktura? Ez dituzte maite sortzaileen egoerari buruzko datu gordinak. Ez daukate asmorik, bistan da, sortzaileez arduratzeko

Kultur Sistemaren Lege bat ontzen ari dira, beraz, sistema horretarako lehengai lehena egiten dugunon kopurua eta egunerokoa ezagutu gabe, eta ez da lehen aldia hala jokatzen dutena ‒orain arteko kultur plan eta legeei erreparatu besterik ez dago hori ikusteko‒, Lanarteatik behin eta berriro salatu izan dugun bezala.

Mapa batean kokatu nahi gaituztela dioskute orain, nortzuek eta beren kultur legeetan aipatu ere egiten ez gaituztenek. Zelako legeak, halako emaitzak. Kasu, baina, Mendizabal jaunaren hitzei: «Ez genuke erori behar gizarteari irudi bat helarazten, non Jaurlaritzak ez dituen artistak zaintzen, non prekaritatea nagusitzen den». Poziktibity, alegia. Hemen ere bai.

Datuak, baina, direnak dira. Eta gure Euskal Artisten Lan eta Bizi Baldintzei Buruzko Inkesta ez da izan lehena kulturgileen prekarizazio maila asaldagarria agerrarazten, ezta azkena ere: 2024ko maiatzean esan zuen AISGEk Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan bizi diren aktore eta dantzarien %33 pobreziaren mugatik behera bizi zirela 2023an, eta %18k bakarrik irabazi zituztela azken urtebetean 18.000 eurotik gora.

Eusko Jaurlaritzaren Kultur Behatokiak Musika Bulegoarentzako 2024an egin zuen Euskal Herriko musikaren sektorearen egoera, premiak eta erronkak inkestak ere, gurearen oso antzeko emaitzak eman zituen musikariei dagokienez. Hori bai: generoa, bizi-tokia eta beste kontuan hartu zituen galdetegian ez zuten hizkuntzaren aldagaiari buruz galdetu, gure berprekarizazioari neurria hartzeko zenbaitek egiten dituen ahaleginen adierazle.

Laburbilduz: Etorkizuna aipatzen dute, baina oraina isiltzen dute. Auzolana aipatzen dute, baina ez digute ezer kontsultatzen. Madrildik datorren Artistaren Estatutua eta tokiko ekosistema kulturala aipatzen dizkigute, alegia, minisistemak behar dituzte. Nortasun kulturala aipatzen dute, kultura bera nortasuna ez balitz bezala; nortasun kulturala indartu nahi dute hala ere. Aliantza berriak bilatu behar ditugu (oraingoak zahartuak daude, antza). Reinbentatu egin behar gara (orain egiten dugunak ez du balio). Ona da haztea eta dibertsifikatzea, hots, goitik jo eta beldurrik gabe barreiatu. Jaurlaritzak praktika onen gidaren prestaketan segitzen du eta sarearen estruktura sendotzea du helburuetako bat. Ze sare, ze estruktura? Ez dituzte maite sortzaileen egoerari buruzko datu gordinak. Ez daukate asmorik, bistan da, sortzaileez arduratzeko.

Bitartean, Sukaldaritzaren Jauregia eraikitzen aritu dira hondartza baten inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA