andoni egana

Azken 'a'

2024ko uztailaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Duela mende bete ere bazen zerbait berezia. Manuel Lekuonak bere Aozko euskal literatura hartan haur-hizkuntzari tarte bat egin zion. Zerrenda bat ere bazekarren. Orduan ere okelari txitxia deitzen zioten, esertzeari apatxo egitea eta tato egitea nonbaitetik jaisteari.

Ume umeari xuka egiteak ez dit belarririk mintzen. Eta ez dakit zehatz-mehatz haurrari noiz hasi behar litzaiokeen toka edo noka. Koxkortzean hasten ziren lehen. Orain, denetarik suma daiteke. Ez dira, nolanahi ere, hain funtsezko kontuak. Baina azken bolada luzean nagusitzen ari den joera batek min ematen dit. Aita-amek a-ren kontrako gurutzada bat antolatu dutela dirudi. «Nahi duzu platano?», entzungo duzu parkean behin eta berriz; «Jango duzu orain gaur goizeko galletita?»; «Nahi duzu patinete jolasteko?»... Haurrek hitz bakoitzaren azken a hori gorroto balute bezala jokatzen dute gurasoek. Eta niri, hizki bat gorabehera berdin litzaidake, baina letra hori kentzearekin azentua ere aldatu egiten dute. Platanoa bihurtzen da plátano, galletita galletíta eta patinetea patinéte.

Eta euskaraz ari garelakoan, bat-batean, ia gazteleraz ari gara. Badakigu ahulari doministikua katarro zaiola. Baina ahulenen aitzakian are gehiago ahulduz bagoaz, ez goaz oso ongi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.