andoni egana

Barrabas

2025eko ekainaren 28a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako afera hartan auzipetuak zeudenen amnistia onartu du. Albistea jakin orduko entzun ahal izan ditugu batzuen eta besteen hitzak, eta isildu ez direnen artean Felipe Gonzalez Espainiako presidente ohia nabarmendu da. Aurrerantzean ez omen dio botorik ere emango PSOE-ri. Barrabaskeria hutsa iruditzen omen zaio gertatu dena.

Bagenekien Alderdi Sozialistak marxismoa gibeleratzeko Felipe Gozalezek zenbateko lana egin zuen. Sumatzen ez nuena zen Brumariotik Testamentu Berrira egin zuenik jauzi. Hitzak aukeratzen behintzat badakiela erakutsi baitu. Ez du barrabaskeria aliritzira bota. Barrabas zen garai hartako matxinada batean parte hartu, norbait erail, eta preso zegoen pertsona bat. Harekin batera zeukaten Jesus Nazaretekoa. Eta Pontzio Pilato agintariak, Pazko ospakizunak zirela eta, bietako bati zigorra barkatzea erabaki zuen. Atera zituen jendaurrera bi presoak, Barrabas eta Jesus. Galdetu zion herriari zein salbatzea nahi zuen. Eta herriak, oihuka, Barrabas hautatu zuen, Jesus gurutzera kondenatuz.

Bazekien Gonzalezek zertaz ari zen hitza erabiltzean. Eskertzen diogu zehaztasuna. Besterik da bere ideien nondik norakoa. Erretxindua azaltzen da sarri. Lehengoa dena ona; oraingoa txarra dena. Liseriketa oinazetsuak arintzeko sendagairik onena barrabas-belarra luke…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.