Bizitzeko modu asko dago, eta besterena nekez irudikatzen dugu.
Lotura batzuk ez dira inoiz espero izaten. Eta horietako batekin egin dut topo gaur. Makina-erremintaren Biurterokoa hastera doan honetan, Jose Perez Berdudek, Fagor Automationeko buruak, beste hainbat konturen artean, honakoa bota du: «Gure sektorean oso gara elkar besarkatzekoak. Guztiok elkar ezagutzen dugu, eta aireportuetan topo egiten dugu beti». Aireportuak eta besarkadak lotzea ez zait hain nekeza gertatzen, despedida eta harrera leku ere badira eta, aireportuak. Baina aireportuak, besarkadak eta makina-erreminta uztartzea ez zegoen nire iruditeria logikoaren baitan. Akaso, arnasbide ere izango da torloju, kalibre, laser eta ordenagailuen artean ohituriko jendearentzat besarkada estu bat. Eta segur aski, pandemiaren geldialdiakareagotu egingo zuen emateko premia bera ere.
«Lekuak eta ezlekuak. Bartzelonako aireportua, ezlekua, leku-leku bihurtu du borroka independentistak. Eta berehala heldu da errepresioa. Lekuak jabea du», idatzi zuen Joseba Sarrionandiak Gauzak direna balira liburuan. Makinak erosi, saldu, aurkeztu edo konpontzera doazenek aireportuetan topo egin eta elkar besarkatzen dutela jakiteak, lekuago bihurtu dizkit aireportuak.
HITZ ETZANAK
Besarkada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu