andoni egana

Bi begirada

2025eko uztailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Lankide batez gaizki esaka ari zen beste lankideen aurrean. Halakoa zela. Alferra. Kopetiluna. Harroa. Zarpaila. Lankide negargarria. Bere erretolikari errematea emateko, ustez helegite zaileko argudio bat bota zuen: «Txakurrik ere ez dauka eta!». Nik, behingoagatik, asmatu nuen ahoa ixten.

«Ezizenik ere ez zeukak eta!», bota zidan lehengoan adiskide batek, aurtengo Frantziako Tourraz berriketan ari ginela. Pogacar eta Vingegaard-en arteko lehiaz ari nintzaion. Eta berak zioen ez zitzaiola kitzikagarri. Tourreko orain arteko emaitzek besterik dioten arren, ez zitzaiola buruz buruko borroka mitiko horietakoa iruditzen. Horretarako behar dutela bi izar kontrajarrik, antagonistak. Bartali eta Coppi aipatu zizkidan; Bahamontes eta Loroño; Hinault eta Fignon; Marino eta Gorospe… Lerdena eta iharra edo espainiarra eta euskalduna edo zaharra eta gaztea edo… ezaugarri oso jakinekoak dituztenen artean baino ez dela benetako surik pizten. Eta Vingegaardek ez duela orain artean asmatu bere ezaugarriren bat nabarmenarazten. Ñabarregia nonbait. «Ezizenik ere ez zeukak eta!», errepikatu zidan.

Literaturaz gehiago daki berak. Lotsarik gabe joko nuke erronka txirrindularitzaz nik gehiago dakidala. Horregatik, gaurtik aurrera ez diot begirik kenduko telebista pantailari. Besaulkian, eta ondoan txakurrik ez dudala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.