andoni egana

Bi era

2025eko ekainaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bizimoduari eusteko bi era bereiz daitezke. Bi gutxienez. Bata da konplikatua, kiribil eta bihurgunez betea, errealitatea ahalik eta zehazkien ezagutzera eramango zaituen hori. Bestea da xinplea, laua, misteriorik gabea, errealitatea lehendik dituzun buru-eskematan kokatzeko ahalegin erraza baino eskatzen ez duena. Bakoitzak erabakitzen du ze moduri heldu. Lehenari heltzen diona, finean, hobeto biziko da. Bigarrenari heltzen diona, errazago.

Ehun urte dira Jon Mirande idazlea jaio zela, eta bera eta bere literatur lana hobeto ulertu nahian gabiltzanak ez gara gutxi. Nor zen? Zer? Txomin Peillen, Andolin Eguzkitza, Joxe Azurmendi, Patri Urkizu eta beste hainbat kultur-eragile arduratu izan da Miranderen lanen zabalkunde eta interpretazioaz, eta halere ez dugu aski. Sakonagora jo nahi dugu, antza. Benetan zen nazien aldekoa? Zinez har genezake eskuin muturrekotzat? Haur besoetakoa pedofiliaren aldeko aldarria da? Ulertu egin nahi dugu mundua. Kasu honetan, Miranderena. Eta bere testuei eta gutun-hizketei kolpeka segituko dugu zalantzak argitze aldera.

Ai bigarren bidea hartu izan bagenu! Errazagoa zatekeen den-dena. Esate baterako, irudikatzen dut Díaz Ayusok zer esango zukeen: «Jean zuen berezko izena eta Parisen jaio zen. Baina liburu gehiago saltzeko, ez zuen bere burua Jon izendatu beste irtenbiderik izan!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.