andoni egana
HITZ ETZANAK

Elikagaiak

2023ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Merezi zuela iruditu zitzaigun, eta unitate didaktiko bihurtu genuen. Haurrei geuk sentitu genuena sentiaraztea zen helburu. Jon Sarasuari, duela ia hogeita hamar urte, gaia jarri zioten: «Anaia txikiak galdetu dizu ea Afrikan zergatik hiltzen diren goseak». Lehen bertsoaren amaieran «…gogora ekarri beharko, hangoek gutxi dadukatela, guk asko daukagulako» bota zuen. «Guk» hori zen giltzarri. Ez zuen erantzukizuna «batzuk eta besteak» laino batean urtu. «Gu» eta gure oparotasuna ziren haien txirotasunaren erantzule nagusi. Argi eta garbi. Anestesiarik gabe.

«Guk» horrek min eman behar du. Pribilegiotik ari gara, eta gaiari buruz esaten dugun edozerk lotsa punttu erantsia derrigorrezkoa du.

Ez zaie guztiei horrelakorik gertatzen, nonbait. Sofia, Espainiako erregina emeritua, hor ikusi dugu egunotan Donostian, Espainiako elikagai bankuen biltzarrean amandre lanak egiten. Oiartzungo egoitzan, bolondres petodunen artean, elikagai pakete bat, berak, berak bakarrik, bere eskuz, bete omen zuen. Eta nago ni, inork «guk» hori sentitzekotan, Sofiak sentitu beharko lukeela. Askok dauka gutxi guk asko daukagulako. Ez, ordea, sentitzen! Jakina baita pobrezia txingorra edo euria bezala zerutik jausten den zerbait dela, ahal den moduan jasan beharrekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.