andoni egana

Eraitsi

2024ko otsailaren 4a
05:00
Entzun

Anbizioa: hitzaren erroetara joanda, alde batetik nahiz bestetik saiatu. Jiran-jiran ibili sarbideren bat aurkitu arte. Hala ibiltzen ziren nonbait aspaldiko Erroma hartan aginte posturen bat lortu nahi zutenak. Batetik saiatu, bestetik ahalegindu; batengana jo, jo bestearengana…

Albiste izan da Xabi Alonso futbol jokalari ohi eta entrenatzaileak Igeldon eraiki duen etxea. Hainbat elkartek salatu du legez kanpokoa dela. Niri atentzioa eman didana da eraikitzeko ibili duten modua. Horrelakorik egin zitekeenik ez zitzaidan inoiz burutik pasatu ere egin. Abiadura handiko trenaren lanak zirela eta baserri bat desjabetu zuten Martutenen. Berria eraikitzeko eskubidea saldu zien baserri jabeak promotora batekoei. Eta miraria gertatu da. Martutenen eraitsia Igeldon eraiki. Handiagoa, ederragoa, piszina eta guzti. Alde batean bota eta beste batean egin. Anbizioa.

Premiarik ez duenaren premia da anbizioa. Nik lagun Xaprek esana dut gogoan: «Dirurik banu ere, ez nikek sekula Zarautzen edo Donostian, itsasertzean, etxebizitzarik erosiko». Ea dirua sakeletan gainezka balu ere ez lukeen erosiko xaxatu nuen. «Ez motel! Hainbeste ordaintzen baduk, etxean geratu beharra daukak ordainduari etekina ateratzekotan. Eta niri kanpoan ibiltzea gustatzen zaidak…».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.