andoni egana

Errezeloz

2025eko uztailaren 2a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gure herrian kultur etxe handi bat egin behar zuten. Dei bat etxera. Bizkaiko halako enpresatatik deitzen zidatela. Euren gain geratu zela gure herriko kultur etxeak zer-nolakoa izan behar lukeen iritziak biltzearen lana, eta herriko kultur jendeari deika ari zirela banan-banan gure usteen berri eman geniezaien. Uda-uda zen. Hitzordua udal eraikin batean jarri zidaten. Txaparrotan joan nintzen bilerara. Trajez jantziak etorri ziren enpresakoak.

Gizarte etxeak sortu ziren garaian Gasteizko Udalean lan egindakoa nintzen, eta bertsolari lanarengatik ezagutzen nituen inguruetako kultur etxeak. Zuzen edo oker, sartu nien bi orduko sermoia. Apuntatu zuten den-dena eta eskerrak emanda joan ziren. Nire moduko beste hogeitaka herritarren iritziak bildu, eta egin zuten txostena. Publikatu zen zenbat kosta zitzaion udalari. Dexente. Eskertzekoa zen parte hartzeko aukera. Baina gure borondatearen eta jakintzaren truk norbait ari zen dirua egiten…

Euskal Autonomia Erkidegoko Kultur Sistemaren Legeari forma juridikoa emateko deialdi publikora enpresa bakarra aurkeztu da eta hari esleitu diote lana. Madrilgo Estudio Jurídico Gabeiras y Asociados SLP. Izenaren luzeraren arabera, hauek ere jantziak datoz, ez txaparrotan. Baina piztuko ez digute ba, errezeloa! Ezagutzen duzue gure herriko kultur etxe berri eta handia? Ez zuten sekula eraiki.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.