Izaten da «udako gai» bat plazaz plaza. Urte mordoxka bat daramagunok gogoan ditugu iraganeko udetako gai batzuk: «Banderen gerraren uda», «Indurainen uda», «Viagraren uda», «Katalunian zerbait potoloa dator»-en uda…
Gai batzuk badira, tamalez, uda bat baino gehiago harrapatzen dutenak, saihetsezinak. Gaza, jaietako sexu-erasoak, euskaldunok epaitegietan jasaten ditugun ostikadak … Baina zein izango da 2025eko udako gaia, hemendik urteetara harriturik esanaraziko diguna: «Gogoratzen al zarete zeri buruz aritu ginen 2025eko uda hartan?».
Azken boladako istiluen harira, Ertzaintza eta Polizia eredua izan daiteke. Baina inork ez daki korronteek nondik jotzen duten. Esaterako, azkenaldian hori ere gertatu baita, orka edo ezpalartek itsasontziei egindako erasoak izan daitezke udako gai. Axalekoa dirudi orken honek, baina ikasbide ugari eskaintzen du. Esaterako, orkak taldean ibiltzen dira, baina talde horiek «matrilinealak» izaten dira. Hots, ama, bere kume ar eta emeak, eta emeen kumeak baino ez dira taldean ibiltzen; kopula bidez ugaltzen dira, eta emea gogogabeturik badago tripaz gora jartzen da, baina orduan ar talde batek iraultzen du indarka; arrantza-ontzirik ez dute eraso, baina bai belaontziak, lanaren alde eta turistifikazioaren aurka baleude legez. «Orka gorria» deitzen diote hori egiten duen azpiespezieari…