andoni egana

Ezinaz

2024ko martxoaren 28a
05:00
Entzun

Euskal esaera zaharrak badira norabide hori hartzen dutenak: «Ezina, ekinez egina», esaterako. Mundu anglo-saxoitik heldutako esaldi borobilek ere lagundu dute: «Impossible is nothing». Alegia, ezinezkorik ez da. Eta autolaguntza liburuek eman diote errematea: «Ezinezkoa dirudielako, egingo dugu egin». Zeri, eta errealitateari erronka jotzeko ohitura ari zaigu errotzen. Eta ongi dago amestea. Jorge Oteizak zioenez, ordea, abentura izan daiteke zoroa, baina abenturagileak bere senean behar du.

Ekitea aski bada, ez bada ezinezkorik eta ezinezkoa dirudiena ere egin badaiteke, frustrazio hitzak zenbat «erre» dituen ez dakien norbaitek sinets dezake munduan inoiz idatzi izan den eleberririk onena idatz dezakeela. Ezinezkoa ez da...

Nik, gaztetxoei, lesio zital baten ondorioz goi-mailako kirola utzi behar izan duen Nerea Pena eskubaloilari nafarraren agur prentsaurrekoa jarriko nieke. Lehenik eta behin euskal kirolari onenetariko baten berri izan dezaten, berandu bada ere. Eta batik bat, bere hitzak entzun ditzaten: «Indartsu izaten saiatu naiz, eta dena eman dut, baina ezin izan dut. Nire kasuan ez da bete esamoldeak dioena: nahi baduzu, lor dezakezu». Zenbait kasutan ez da betetzen, ez. Askotan, esango nuke. Onartu eta aitortzea baino ederragorik!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.