Berari gorbatak ez dio arbi-bururik eragiten. Lehengoei, bai. Ikusten ditu batzarretan adineko enpresariak, lodikoteak, gorbatak lepoa estutu eta arbi-buruaren antzeko zerbait geratzen zaienak. Bera beste belaunaldi batekoa da. Trajea ongi geratzen zaio. Behin eta berriz bedeinkatzen du endokrino partikular harengana joan zen eguna. Etxean daukan soinketa-gelan ere ez ditu orduak alferrik ematen. Mintzo da gazteleraz, ingelesez, eta euskara ere, ikastolan ikasi zuen hura, ez zaio erabat kamustu oraindik.
Batzarretan, arbi-buruak ikusten dituelako edo, beti hitz egiten du garapenaz. Eta pertsona jartzeaz proiektu ororen ardatz, esaldi hori esan ezean ez baitzara inor enpresa munduan ere. Orain, hitza hartzen duen bakoitzean «tsunami teknologikoa»-ren garaian sartzear gaudela aipatzen du beti eta entzuleek, arbi-burua dutenek ere bai, buruaz baietz-baietz eginez ematen diote arrazoia.
Nor delakoan bizi da. Iaz, bere enpresa ez da berea, bera ez da goi-karguduna baino, baina beretzat jotzen du ez zen lau mila langilera heltzen. Aurten, berrehun gehiago ditu. Iriologoarekin du hitzordua gaur, eta bazkalordua baliatuko du kontsultara joateko. Zerbait nahi duenak lortzen du. Bere adineko «ni-ni»-ak ez ditu begien bistan ikusi nahi...

HITZ ETZANAK
Garapena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu