andoni egana
HITZ ETZANAK

Hamalau

2023ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Argazki ona da. Kamioi baten atzealdean hamalau lagun. Ihesean doaz. Gazteenek aurrerantz begiratzen dute; adinduenak atzerantz. Atzo berripaper honen lehen orrian ikusi ahal izan genuen.

Geopolitikaz zeinen gutxi dakizun konturatzeko balio izan dizu Karabakh Garaiko Errepublikan gertatuak. Armeniarrak Armeniarantz ihesi. 120.000 lagun inguru bizi ziren Azerbaijanen baitako irla moduko batean, eta Azerbaijango armadaren nagusitasuna izugarria zenez, ihesari lotzea beste irtenbiderik ez omen dute izan Karabakh Garaiko armeniarrek. Errusiak eskuak garbitu omen ditu, Ukrainarekin badu aski saltsa eta. Ameriketako Estatu Batuetara hurbiltzen hasia zegoen, gainera, Nikol Paxinian agintari karabakhtarra. Turkiak argi joko ei du Azerbaijanen alde. Israelek ere bai. Eta Iran, izan armeniarren aldekoa bada ere, barne-gatazkatan murgilduegia omen dago inori esku bat botatzen hasteko. Datorren astean biltzekoak dira Espainian bi aldeak, eta bilera horretan Frantziak eta Alemaniak joka omen dezakete paper garrantzitsua...

Une horretan ohartuko zara hamar herrialde aipatu dituzula dagoeneko. Ia kamioian ihesean zihoazen lagun adina. Eta hamalau horiengan isuriko duzu zure arreta eta sentiberatasuna. Beste hamarrekin hastea ez du merezi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.