andoni egana

Herriketaldiak

2025eko uztailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Klima kontua da dena. Hegoaldeko ipar aldean ez dugu ohitura handirik. Hegoaldeko hego aldera handiagoa dute, eta zer esanik ez, penintsulan behera jotzen badugu. Egunez etxean beroaren beroz egosi eta iluntze aldera, eguraldiak pittinen bat freskatzen duenean, nork bere aulkia hartu eta familiako eta auzokoekin batera atarira irteteko ohiturari buruz ari naiz. 

Jakin dugu aurten Espainiako herri txiki bateko alkateak uztaileko hiru ostegun iluntzetarako kanpaina bat jarri duela abian. Plazara irtengo da bere aulkitxoa hartuta, eta nahi duten herritarrek gauza bera egingo dute, herriko eta udaleko kontuei buruz berriketan aritzeko. Ideiak ona dirudi. Inbidia ere eman dezake. Kilker hotsen artean kiroldegiaren eraikuntzari buruz aritzea edo izarrei begira herriko hirigintza planari buruz jarduteak badu bere xarma. Baina horretarako komunitateak ezin du handiegia izan. Herri handi samar batean berriketaldia batzar bihurtuko litzateke eta batzarra istilu.

Gazteleraz salir a la fresca deitzen diote horri. Klimak hizkuntza ere moldatzen du nonbait, eta, gertatzen ez dena izendatzen zail denez,  guk —nik behintzat ez— ez dugu ordezkorik aurkitzen iluntzeetako ateraldi hori euskaraz adierazteko. Itzultzaile automatiko horietako bati eskatu diot aholkua. Honakoa proposatu dit: «Zoaz, alkatearekin, haizea hartzera!». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.