andoni egana

Hobea

2024ko irailaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez zegoen irakasle-ikaslerik bertso-eskola hartan. Grinak eta ezinak konpartitu egiten genituen. Mahai-jiran txandan-txandan kantuan ari ginela, heldu zitzaion M.ri berea botatzeko unea. Denbora puska bat pasa zuen hasterako. Behin hasi zenean, nolabait eraman zuen bertsoa azken punturaino. Azken puntua kantatzera zihoala, une gorenean, isildu egin zen. Ez dira harritzekoak isilaldi horiek bertso-eskoletan. Dozena erdi bat lagun zer entzungo zain, eta M. mutu, begiak gorantz bildurik. Bost segundo; hamar; hogei… Isilaldiak minutua harrapatu zuenean, tentsioa ezin eramanda, neuk bukatu nuen berak hasitako bertsoa. Pipertu egin zitzaidan M.: «Joe! Zergatik sartu zara? Nik bukaera hobea neukan!». Barre algarak ohostu zizkigun. Bukaera hobea edukiko zuen noski, nire txepela baino. Gogoratzea falta!

Azken asteotan M.ren bertso amaitu gabe hartaz gogoratzen naiz Abiadura Handiko trenaren istiluen berri jakitean. Nekez, baina ekin zioten. Bidean indar —eta sos— asko xahutu dute. Eta errematearen orduan, zalantzak eta eztabaidak. Edo bukaera pentsatu gabe hasi ziren edo bidean doazela-doazela, ahaztu egin zaie. Lotura Ezkion ala Gasteizen barrena. Nork daki…

Nik ez dut iritzirik horri buruzkorik. Eta banu ere ez nuke emango. Edozein txokotatik irten baitaiteke M.ren bat, «nik bukaera hobea neukan!» aurpegiratuko didana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.