andoni egana

Ia ehun

2025eko uztailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Mundua nola antolatua zegoen ezerk baino hobeto adierazten du horrexek. Azken urteetan, aukera izan dutenean eta egoki iritzi diotenean, udalek erosi egin behar izan dituzte irlak, mendiak, eraikinak, komentuak, kuartelak... Erosi nori? Jabeei. Eta jabeak askotan ziren jauntxoak, Eliza edo militarrak. Gainerakoak, beti bezala. Ahal zuenak ahal zuena.

Donostiako Udalak Loiolako kuartelak bereganatu dituela jakin genuen herenegun. Ehun urte irauten duen gaitzik ez dela dio esaldiak, eta kasu honetan, behintzat, arrazoia eman beharko zaio. 1926an jarri zuen Espainiako Armadak kuartela Loiolan, Bilintxek kalabazak jaso zituenetik oso gerora. Pozgarria iruditzen zait Udalak bereganatu izana, komunitate bati bizkarra emanda bizi den azpikomunitate batek ez baitio inori mesederik egiten. Eta esanguratsua iruditu zait, jauntxoez eta militarrez ari garela, erosketa sinaduraren argazkian sei lagunetik lau emakumezkoak izatea. Zerbait aldatzen ari da nonbait...

73 milioi euro pasatxo ordaindu behar ditu Donostiako Udalak. Asko ala gutxi den ez dakit. Zenbaiti emateko beti da gehiegi. Eta komentu bat hustu izanak sortzen ez dituen arazoak sortuko ditu honek. Moja eta apaizak zahartu egiten dira. Eta gutxitu. Militarrak ere zahartzen dira, baina ez dirudi gutxitzeko joerarik dutenik. Nora joango dira? Nori eroriko zaio pardela?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.