andoni egana

Iheslari

2025eko uztailaren 29a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Auskalo zer nerabilen buruan. Zerbait bai. Realaren partida? Bezperan ongi tolestatu ez nuen bertso atorrante hura? Gauez eltxoek esku-besoetan egin zizkidaten heldukadei begira nengoen? Ordubete barru bota behar nuen agurra ekarri ezinda nenbilen? Ez dakit… Baina kontua da autobideko gasolindegi batean geratu nintzela autoari errekina botatzera, eta oharkabean, autoan sartu eta martxa egin nuela, ordainlekutik pasatzea ahaztuta.

Albistea nork eta nola kontatzen duen. Sarri horretantxe egoten da gakoa. Atzo irakurri nuen honakoa: «Gipuzkoan, gero eta auto gidari gehiagok egiten du ihes gasolindegietatik, ordaindu gabe». Lapurretara eta zigorrera ohituriko jendarte baten isla da albistea emateko modu hori. Ez zaio inori niri gertatu zitzaidanik gertatzen? Ahaztu, besterik gabe. Azpimarra beste zerbaitetan jarri behar lukete. Norbera geure erregaia zerbitzatzen hasi ginenetik lanpostuak galdu dira. Eta berriketalditxoak. Eta diosalak. Eta ahanzturak ugaldu zaizkigu.

Neroni konturatu nintzen, abiatu eta berehalaxe, ordaindu gabe alde egin nuela. Egin nuen iluntze hartako lana. Goizaldera itzuli nintzen eta goizean goiz pasatu nintzen gasolindegitik zorrak kitatzera, neuk hala erabakita. Ez nekiena zen bezpera gauez Ertzaintzak etxera deitu zuenik. Beraz, estatistiketan, iheslari azalduko naiz ni ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.