andoni egana
HITZ ETZANAK

Ipar-hego

2023ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Ipar-hegoak nahasita etortzen dira askotan hedabide idatzietako lehen orrietan. Atzoko berripaper honi begiratu besterik ez dago. Iparraldean, goialdean alegia, titulu etsigarria, hegoaldekoei buruzkoa. «Paperik gabeko migratzaileak azkarrago kanporatuko ditu EBk». Europako Batasuneko kideek «migrazio mugimenduak kontrolatu eta kudeatzeko neurri sorta bat lantzea» erabaki dute. Hesi gehiago. Askatasun gutxiago. Harat-honat ibiltzeko debekua. Lekuz kanpo harrapatuz gero, bueltan etxera bidaliak izateko arrisku handiagoa.

Orri bereko hegoaldean, hots behealdean, karabana eta autokarabanei buruzko iragarki ordaindua. Karabana eta autokarabanak. Hesirik ez gure ibiliarentzat. Askatasun handiagoa ostatuetara jota baino. Noiznahi noranahi joateko aukera. Etxe bat, geuretik kanpora ere.

Eta tartean gu, gora ala behera begiratu ez dakigula. Iparraldeko hegoaldekoei buruzko berriek hunkitzen gaituzte. Baina maizago begiratzen diogu hegoaldeko iparraldekoentzako tentaldiari. Gero eta zailago sumatzen dugu, ordea, hesirik eza, askatasuna, nahieran ibili ahal izatea... Ez da harritzekoa atzoko berripaperean gerriko albistea eta argazkia osasungintza publikoaren aldeko manifestazio batekoak izatea...
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.