andoni egana
HITZ ETZANAK

Izendatuz

2023ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Piperrak lurrean; sagarrondoak eta mizpirondoak gertuan; urrunxeago errio-ibia eta aurrealdean, gorantz, basoa. Begira jartzeko agindu zigun. Eta bere esaldi horietako bat bota zuen: «Parke naturalei gaizki jarri diete izena. Ez dira parke naturalak. Parke kulturalak dira. Ingurunea egokitu asmoz, pertsonek mendeetan zehar hartutako erabakien ondorio da begi bistan daukagun oro». Eta erantsi zuen kultura hitza bera errotik dagoela senidetua cultivare-rekin...

Aste honetako ekaitzaldiek ekarri didate gogora duela hilabete Jakoba Errekondori entzun niona. Atzo-gaurko ekaitzaldi honi Domingos jarri diote izena. Ostegun-ostiralean dantzan jarri gintuena Ciarán izendatu zuten. Eta hoskidetasun soilak sortu du ideia. Ciarán jarri ordez zergatik ez zioten jarri Cioran? Filosofo errumaniar-frantziarraren ideiak badira aski ekaitz edonoren barrunpeak astintzeko. Gorroto zituen Jainkoa, Pertsona, Bizitza… Gure deuseztasuna agerian jartzea zuen maite.

Natura eta kultura beste modu batera lotzeko aukera izango genuke, ekaitzaldi, lurrikara eta gainerakoei filosofoen izenak emango bagenizkie. Sokrates, Platon, Kant, Hegel, Feuerbach, Beauvoir... Prezio berean, zerbait gehiago ezagutzeko tentazioa sortu herritarrengan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.