Inoren etxean sartu ziren. Salmenta espekulatzaile bat salatzeko Alda mugimendukoek eginiko ekintzak atxikimendu irribarretxo bat eragin dit. Etxebizitzaren salmenta kudeatzen duen enpresarekin hitzordua jarri, erosle interesak zituztela sinetsarazi, eta atea ireki zietenean barrurantz egin zuten Aldakoek, eta mintzaldi bat eman zuten etxeko egongelan, «itzulipurdi espekulatiboen arazoa» salatuz. Lapurdin gertatu da, Bidarten.
Ez ziren airean ari. Zifrak azaldu zituzten. Zifra zehatzak. Duela lau urte 1,7 milioi eurotan erosi zutena, orain 2,9 milioitan zeukaten salgai. Egin ditzagun kalkuluak. Soldata on-on batekin zenbat urte beharko lirateke, bi zifra horien arteko aldea, 1,2 milioi euro, irabazteko? Jo dezagun urtean 50.000 euroko diru sarrerak ditugula (propio jo dut goitik, inork manipulazio usainik har ez dezan nire kalkuluetan). Milioi bat eta berrehun mila euro irabazteko 24 urte beharko genituzke lanean. Etxejabe horrek, deus egin gabe, lau urtean irabazi nahi duen adina. Eginda, 24 urte; egonda, lau. Eginda baino egonda etekin askoz ere handiagoak ateratzea onartzen duen jendartea sano egotetik oso urrun dabil…
«Hik ere, hire neurrian, baina ahal bahu egingo hukek», bota dit ezagun batek gaia irten denean. Tentaldi horiek kentzeko moduko legeak sor ditzaketen alderdiei ematen diedala botoa erantzun diot.