andoni egana

Kantuan

2024ko apirilaren 30a
05:00
Entzun

Urteetan aurrera egin ahala gero eta sarriago egingo dizuten galdera da: «Zer kendu dizu zure lanbideari hain buru-belarri emana bizi izateak?». Eta gure kasuan, bertsolarionean, konturik larrienak datozkizu burura erantzuteko garaian. Kuadrillakoekiko harremana urritu izana, seme-alaben heziketa garaian ausenteegia izatea, anonimatoa…

Badira ordea beste galera batzuk, itxuraz txikiagoak, aipagai izan daitezkeenak. Gure kasuan, esaterako, musa. Ez naiz inspirazioaz ari, karta-jokoaz baizik. Mahaian eta jendartean gaudenean muserako tarte gutxi hartu izan dugu. Guri, jende bilera batean mahaian gaudenean, bertsoa eskatzen zaigu. Ez da gehienetan jokorako tarterik izaten. Eta apurka, ohitura galdu egiten da… Beste galera bat taldean kantatzearena da. Gure lanbidearen alderdirik makurrena da guk ahoa irekitzen dugun unean besteek itxi egin behar izaten dutela. Ondorioz, ez gara talde-kantuan nahi bezain sarri jardunak…

Orioko Bate Bizkorrak softbol taldeko jokalari bati irakurri berri diot: «Gure sekretua taldea da. Hamabost urtetatik hasita, bidaia ordu asko eta asko dira guztiok kantu berak kantatuz». Ezer gutxik trinkotzen du talde bat elkarrekin kantuan aritzeak adina. Pradales ohitua dago? Gustuko du Otxandianok? Eta Anduezak?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.