Gazte hark ere sosak behar zituen eta supermerkatu batean lan egiteko eskaera aurkeztu zuen. Esan zidan curriculumean ez zuela jarri Zuzenbide ikasketak amaituak zituenik. Badaezpada. Bere juzgua zen enpresak errazago hartuko zuela halako ikasketarik ez zuen pertsona bat, ikasketak zituena baino. «Zuzenbidea egin dudala badakite, mesfidantzaz begiratuko diote nire lan eskaerari. Langileen eskubideez gehiegi dakidala eta arazoak sortuko dizkiedala pentsatuko dute. Eta nik, orain, lana behar dut!».
Gizarte baten gainbeheraren isla iruditu zitzaidan. Gazte haren ahalegina, bere familiarena, eta tribu osoak emandako babesa, estolda-zulotik botatzen ari ginen…
Atzo berripaper honek jakitera eman zigun 240 ikertzaile gazte bildu direla Bilbon, UEUk antolaturiko Ikergazte kongresuan. Euren lan-baldintzak ez omen dira «oso onak». Sinesten diet, ikerlari gazte izandako batzuk ezagutzen ditut eta. Lotsagorritzeko moduko baldintzak dira askotan. Gizarteak ez luke horrelakorik ametitu behar. Baina kontuak zer diren…Olatz Ortegak duela bi urte amaitu zuen master amaierako lana aurkeztu zuen aste honen hasieran. Mikroalgei eta meiofaunako organismoei buruz herritar talde batek egindako datu-bilketa zuen oinarri. Lan haren izenburua: Kontuz! Ez nazazu zapaldu! Nago, mikroalgez esanak balio duela makroahaldunentzat ere.