Bi silabakoa da aspaldian entzun dudan ateraldirik handiena. Bi lagun elkarrekin berriketan ari ziren hirugarren bati buruz. Harritzekoa iruditu zitzaion bati ostiral iluntzeko txikiteora laguna ez azaldu izana. Ahal zuenero irteten zen etxetik hura, zela sagardotegira, zela tabernara, zela... Egunero zebilen parrandan. Ez zen etxean egon zalea. Azalpena eman zion lagunak: «Fermin ez duk etorriko. Etxean zagok konfinatua. Berak ez, baina emazteak positibo eman dik». Orduan etorri zen ateraldia. Bi silaba soil. Zartateko izugarria. «Eta?».
Bi silabakoa da aspaldian entzun dudan kirtenkeriarik handiena. Concepción Dancausak, Madrilgo Komunitateko Gizarte Politikatarako Kontseilariak, bota berri du. Hiru aldiz, gainera. Gazteleraz esan zuen: «Las personas con LGTBI...». «LGTBIrekin dauden pertsonak...». Bi silaba: -rekin. Mundu baten isla diren bi silaba soil. Homosexual edo lesbianak elgorria, kukutxeztula, minbizia edo esklerosia daukaten pertsonekin berdintzen dituzten bi silaba. Gizarte kontuetan arduradun denez, pentsatzekoa da emakume honek ahaleginak eta sosak «LGTBI daukatenak sendatzera» bideratuko dituela.
Lehen ostikada hizkuntzara izaten da beti; bigarrena, jada biktima lurrean datzala, gibelera; saihetsetara hurrengoa...
HITZ ETZANAK
Ostikada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu