andoni egana

Piramidea

2025eko uztailaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Berripaper honek atzo hamaikagarren orrian ekarri zuen argazkiaren gorabeherak azaldu egin beharko dira hemendik urte batzuetara. Ehunen bat lagun ikusten dira, oinarrian asko eta erpinean gutxi, gaizki eraikitako piramide bat osatuz. Piramide hori zeren gainean antolatua dagoen sumatzeko begia asko zolitu behar da. Argazkiaren eskuinetako ertzean, ibilgailu baten ispilu-retrobisorea ikusteko gai bazara, orduan jabetuko zara zein den testuingurua. Gazara laguntza humanitarioarekin heldu den kamioi bat da bertako biztanleek estalia. Gose-egarriek itoko ez badituzte zertxobait lortu beharra daukate.

Guk, hemen, guraso, arduradun, begirale garela, ilara presatien aitzinean erabiltzen dugun esaldirik maiztuenak —«Lasai. Zaudete lasai, denontzat dago eta!»— han ez du inolako zentzurik. Han, tamalez, ez dago denentzat.

Argazkilaritza indartu eta gainerako Arte Ederren parean jarri zenean, lehen teoriko haiek honako esaldia bota zuten: «Argazkilaritzak den huraxe erakusten du; margolaritzak, artistak ikusten duena». Laster jabetu ziren, argazki baten atzean ere kamera bat dagoela eta kamera horren atzean begi bat, mundua bere erara ulertzeko gai dena. Kasu honetan, erroetara itzuli beharko genuke. Den huraxe erakusten du argazkiak. World Press Photo sarietarako argazki gehiegi eragiten ari da Israel.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.