andoni egana
HITZ ETZANAK

Trikua

2020ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Tabernako egunkarian irakurri du Nafarroako tabernak ixtera doazela. Ez dio horrek sentimendu berezirik eragin. Ez da ohartu ere egiten pandemia hasi zenetik, administrazioen eta hedabideen datuak emateko moduaren ondorioz, nafarrak lehen baino urrutiago sentitzen dituela. Hura Nafarroa da, eta bera Erkidegokoa. Haienak haien datuak dira, bereak interesatzen zaizkio berari.

Duela aste batzuk, tabernaria eta biak gaizki esaka aritu ziren. Bazekiten, ongi jakin, Urkullulehendakariak zergatik ezarri zituen neurri murriztaileak. Bizkaiko datuak oso txarrak zirelako. Eta hori ez nabarmentzeagatik, Erkidego osoan eragingo zuten neurriak hartu zituen.Bizkaizulo halakoa! Beti haien alde. Beti gure aurka.

Gaur, datuek juxtu kontrakoa diotenean, alegia, bere herrialdean Bizkaian baino kutsatze-tasa handiagoa dela, ez die probintziei begiratu. Ondoko udalerriko datuei begiratu die. Auzo-herrian berean baino kutsatu gehiago da. Hiru halako. «Hauekin ez dago fidatzerik. Badakizu nolakoak diren», bota dio tabernariari. Tabernariak arrazoia eman dio eta buruxut irten da tabernatik, bere nortasunean trikutua. Trikuarena egiten baitu, bera jakitun ez dagoela, arriskuren bat sumatzen duenero: bere baitara bildu-bildu egin eta arantzak atera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.