inaki petxarroman
HIZPIDEAK

AHTa, Brusela eta Rousset

2015eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Europako Batasunak (EB) 2012an 40.000 milioi euro eman zizkion Espainiari, bankuek egindako zuloa estaltzeko. Erreskate horren baldintzetan, aldiro, Espainiaren egoera ekonomikoa eta inbertsio politikak aztertzeko konpromisoa hartu zuen Bruselak, eta hala egin du orain ere. Aste honetan argitaratuko duen txosten batean —El País-ek aurreratu du haren edukia— gogor kritikatu du Espainiaren azpiegituretako politika. Izan ere, AHTan eta «trafiko eskaseko» autobideetan «gehiegizko inbertsioak» egin izana egotzi dio Bruselak Madrili. Indarrean den ereduan gabezia nabarmen bat ikusi du EBko aginteak: azpiegitura politika horrekin, enpresa handiek mozkinak pribatizatzen dituzte eta galerak sozializatzen. Ildo horretan ohartarazi du «arrisku handia» dagoela linea berriek «kostuak estaltzeko adinako sarrerarik» ez lortzeko. Jakina, Espainiaren politika hori bera indarrean dago Hego Euskal Herrian ere, eta eurentzat har lezakete Bruselaren kritika bertako erakundeek.

Zuhurrago jokatu ohi dute Ipar Euskal Herrian. Eta kasu honetan ere, zuhurtziaren bidetik jo nahi du Alain Rousset PSko hautagai sozialistak ere. Berdeekin hitzartu du ez duela AHTrik finantzatuko Akitaniako bozak irabaziz gero. Bidasotik harantzako ispiluan euren politiken isla ikusi ohi duten Hegoaldeko agintariei zer pentsatua eman beharko lieke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.