Pello Urzelai.
Hizpideak

Segurtasun etxea

2012ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Inork ez du ukatuko Julian Assange Wikileaksen sortzailearen kasua thriller gisako film bat egiteko aproposa dena. Gidoi baten abiapuntu izan daitezkeen liburu bat baino gehiago daude jadanik, baina, gutxienez, enbaxadaren afera zertan amaitzen den itxarotea komenigarria litzateke filma egin baino lehen. Ea Assangek salatutako «sorgin ehiza» gertatzen den edo ez, eta nola. Julian Assangeren kasuan, historiak beste bide bat hartu du Ekuador tartean sartu denean. Zuzenean Erresuma Batua herrialde boteretsuari, eta zeharka Amerikako Estatu Batuei, aurre egiteko ausardia izan du Assangeri babes diplomatikoa emanez.

Julian Assangeren kasuaren inguruan film bat egitekotan, zuzendari aproposa izan daiteke Daniel Espinosa zinemagile suediarra; izan ere, haren azkeneko pelikula (Safe House, 2012) nolabaiteko antzekotasuna daukalako Wikileaksen aferarekin.

Safe House (Segurtasun etxea) filmaren haria artxibo sekretu bat da, zenbait estatutako zerbitzu sekretuek egindako legez kanpoko operazioak biltzen dituena. CIAko agente ohi batek artxiboa eskuratu du, eta filtratu nahi du. CIAk ez du nahi artxiboa azaleratzea, eta are gutxiago artxiboan delitu egile gisa agertzen diren CIAko buruzagiek. Horiek dira filmeko gaiztoak, zeinek ahalegin guztiak egiten dituzten artxiboa eskuratzeko: torturak, hilketak, mertzenario talde bat kontratatzea... Azkenean, artxiboa hedabideetara iritsiko da, eta zerbitzu sekretuetako agente ustelak atxilotuko dituzte. Fikzioa. Thriller generoko fikzioa. Kontua da errealitateak gehienetan gainditzen duela fikzioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.