Atzo bertan, Gasteizko terraza batean, gure ondoan adineko andre kuadrilla bat eseri zen eta kafe artean tertulia ederrean aritu ziren. Halako batean 3 de marzo entzun eta, agian nahi gabe edo agian nahita, haien elkarrizketan jarri nuen belarria. Duela 50 urte gertatu zen sarraskiaz zebiltzan hizketan. Izan ere, hiru aste besterik ez da geratzen haren urteurrenerako.
Martxoaren 3a data seinalatua da Euskal Herriko egutegietan. Ez da kasualitatea duela 50 urte gertatutakoek oraindik ere jendearengan zerbait pizten jarraitzea. Jakina da gure herriak baduela memoriarako ohitura, eta oraindik ere, lehengo gisara, bada zer aldarrikatu kaleetan. Ustezko trantsizio demokratiko baten barnean izan zen sarraski hori, eta ez zen gertakari isolatu bat izan. Testuinguru horretan, argi geratu zen Euskal Herriko langileriaren haustura demokratikoaren aldeko posizionamendua.
1976ko martxoaren 3an milaka pertsona atera ziren kalera lan eta bizi baldintza duinagoen alde; eta orain, 50 urte beranduago, protesta haietan eraildakoak gogoan izango ditugu M-3an. Hori gutxi balitz bezala, zer-eta sindikatuek deitutako greba orokor batera goaz hilaren 17an.
Orduko borrokek oraingo izaten jarraitzen dute. Lan eta bizi baldintza duinen aldeko borrokan lerratzea besterik ez dago. Esanguratsua da euskal ikasleria badela gai jazotakoa egungo testuinguruarekin lotzeko; ulertzen dugu gaur egun ere prekaritatea bizi dugula, eta ikasleok bizi ditugun ezegonkortasun eta ziurgabetasunak gainditzeko ezinbestekoa dela langile borroka hauspotzea.
Orduko borrokek oraingo izaten jarraitzen dute. Lan eta bizi baldintza duinen aldeko borrokan lerratzea besterik ez dago. Esanguratsua da euskal ikasleria badela gai jazotakoa egungo testuinguruarekin lotzeko; ulertzen dugu gaur egun ere prekaritatea bizi dugula
70eko hamarkadan kalera atera ziren langileen borroken oinordekotza hartzen dugu, badakigulako iraganaren transmisioa ezinbestekoa dela gure herriak eta borrokek iraun dezaten. Hori horrela izanda, euskal ikasleok, Frantzia eta Espainiatik irakasten ez digutenagatik, memoria ariketa bat egitera goaz martxoaren 3aren barnean. Erakutsiz garai hartako borrokek badutela tokia egungo testuinguruaren barnean.
Ikasleok gure egiten dugu belaunaldi erantzukizuna. Urteurren honetan, Euskal Herriko beste hainbat sektorerekin batera, guri ere badagokigu, memoriaren transmisio horrekin jarraituz, egun seinalatu hauetan kalera atera eta mobilizatzea.
Horregatik, euskal ikasleriak presente egon behar du Ikamak Gasteizko Elurretatik 12:00etan abiatuko duen ikasle mobilizazioan. Ikasgeletatik kalera, lehen lerroa hartzera goaz. M-3, ikasleok kalera!