Lagun bat Siziliara doa oporretan. Segituan proposatu zaio The White Lotus HBOren telesail sonatuaren hotela bisitatzeko; mugikorrean topatu dugu non grabatu zuten, zenbat balio duen hotel horretan gaua pasatzeak, zenbat kafe batek. Eta momentu batean, bakoitza bere kasa baina elkarrekin, telesaileko piszinako terrazara joan garela zirudien.
Kritika kulturalak, bereziki zinemarenak, «pobreziaren pornoa» kontzeptua erabili izan du bazterkeria errepresentatzeak dituen helburu eta problematikez hausnartzeko. Eta zer gertatzen da aberatsekin? Arrakastatsuak dira aberatsen bizitza eta miseriak kontsumitzera bideratutako ikus-entzunekoak, eta badirudi askatasun gehiago dagoela aberatsei iseka egiteko, akastun eta miserable erakusteko. Mundu mindua soilik tokatu zaien pobreez erruki jauna. Gainera, ematen du kritika soziala sustatzen dutela aberatsak kritikatzen dituztelako; baina, era berean, bizimodu eta desira jakin batzuk erakusten eta saltzen ari dira.
Luxua, luxua. Luxua da hondartzan, pagopean, errepide ertzean, meloi moztua jatea.