Argazki baterako jartzeko esan nien. Elkarrengana hurbildu ziren eta barre egin zuten. Ez zen bereziki argazki polita, baina hantxe geunden gu. Kritikatu izan dut kameren demaseko erabilera, eta askotan penatu nau une batzuk kamerez ez harrapatzeak. Susan Sontagek zioen argazkiak ateratzea argazkietakoa bereganatzea dela, munduarekin harreman bat ezartzea, eta harreman horrek jakintza bat, eta beraz, boterea direla.
Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan kanpaldia egiten ari ziren jaietan txosnarik jartzen ez dietela uzten salatzeko. Kazetari finenek bertatik bertara kontatu izan balute, hitzik argienak, zehatzenak, esanindar handienekoak erabili balira, edo orriak, titularrak, sare sozialak bete balituzte poliziaren gehiegikeriaren bueltan, zalantza dut zer gertatuko zen. Orain irudiak ditugu, bideoak, disko gogorrak. Eta ikusi egin dugu pasatakoa.
John Szarkowski argazkilari estatubatuarrak bi argazki mota bereizten ditu: leiho diren argazkiak, eta ispilu direnak. Gasteizko hau ez dakit bietako zeinetan kokatu.