oihana arana

Mikrobiota

2025eko abenduaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Asteazkenean Lide Arana biokimikariari entzundako hitzaldi labur batekin xarmatuta iritsi nintzen etxera. «Zuek badakitzue mikrobiotian ehuneko hamabixa berdina daukogula pisukidiok?» esan nuen sukaldera sartzearekin batera.

Zelula adina mikroorganismo omen daukagu gorputzean. Harrituta nago datuarekin. Mikrobiota deitzen diogu organismo hauek osatzen duten sistemari. Gure gorputzaren funtzionamendu egokirako betetzen duen rola kontuan hartuta, sistema hau gorputzeko organo bat gehiago dela aldarrikatzen dute zientzialari batzuek. Holobionteaz berba egin behar dugula diote beste batzuek, eta aitor dezadan, horien fanak gara gurean. Hainbat espezieren arteko elkarreraginak sortzen duen unitate ekologikoari deitzen zaio holobionte. Teoria honek gorputzen materialtasuna modu zabalagoan ulertzera garamatza. Ezinbestean jartzen ditu interdependentzia eta sinbiosi berbak erdigunean.

Uste dugun baino inportanteagoak dira bizikideak. Uste dugun baino gauza gehiago aldatzen ditu geure buruei buruz ari garenean, indibiduo hitza erabili beharrean, sistema hitza erabiltzen hasteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.