Espainiar Estatuko Presidenteen Konferentzian Imanol Pradales lehendakariak euskaraz hitz egin eta Isabel Diaz Ayuso aulkitik altxatu ondotik, Madrileko hurrengo Asanblean esan zuen: «Badakizue zer den katetoa izatea? Juan izena eduki, eta Euskadin, mesedez, Jon dei diezazutela eskatzea». Ayusok argudiatu zuen Juan izena duena sistematik kanpo gelditzen dela, diru-laguntzarik gabe.
Gaurko egunari, nik dakidala, inor gutxik deitzen dio San Jon eguna. Joanes Leizarragak 1571n itzulitako Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria-n Jon izena proposatzen du San Joanentzat, baina gauza batzuetan ez zaio kasurik egin elizari.
Kuriosoa da zein izenekin sozializatzen garen. Ayuso bigarren abizena da Isabelentzat; Feijook ere Nuñez du aurretik. Harritzen nauen bestea Koldo ahoz aho ibiltzea da. Koldo Garcia Izagirre ditu segidan politika astintzen ari den korrupzio eskandaluaren gizonak. Eta hahor bere miseria. Koldo Luis omen da gaztelaniaz. Luis deituko baliote Koldori, seguru nago ez zioketela dirurik lapurtzen utziko.