Goizalde Landabaso

Aberatsak

2026ko ekainaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dua Lipa eta Callum Turner ezkondu berri dira. Bi izar distiratsu aberats dira. Londres jaioterrian egin zuten ezkontza zibila, baina bestea, erakustekoa, lagun-senitarteko artean leku ederrean egin nahi zuten, non eta Sizilia uhartean. Yate eder batean heldu ei ziren Palermoko portura eta gauak luxuzko Villa Igiean eman dituzte. Ospakizuna, ordea, Villa Valguarnera-Gangi jauregian egin dute. Hirurehun bat gonbidatu chic joan da Siziliara. Horrek, Palermon bizi direnentzat, itzelezko eragozpenak sortu ditu. Errepide zenbait zarratu dituzte, publikoak diren plazak izarrentzat hesitu, eta palazzo ederren inguruan bizi diren auzokideei konfidentzialtasun kontratuak sinarazi dizkiete. Hiru eguneko ospakizuna izan da, 1,7 miloi euro inguruko gastuak. «La nostra piazza non è il tuo salotto» (gure plaza ez da zure egongela). Hiritarrak oso haserre daude eta hiria kartelez josi dute. «Palermo is not rent» (Palermo ez dago alokagai). 

Oxfam Intermonek, 2024an, aberatsek krisi klimatikoan duten eraginaren inguruko ikerketa bat azaldu zuen. Munduan aberatsen diren 50 pertsonek urte bakarrean egindako joan-etorriak aztertu zituzten. Bakoitzak 180 bat hegaldi pribatu egin zuen, ikerketaren arabera. Honek eragin zituen berotegi efektuko gas isurketak parekatzeko pertsona arrunt batek 300 urte beharko lituzkeela ondorioztatu zuten. Elite kutsatzaileaz hitz egiten du bere ikerketetan Suediako Linnaeus Unibertsitateko zientzialaria den Stefan Gösslingek. Zientzialari suediarrak proposamena ere bazuen: emisio isurien tona bakoitzak eragindako kaltearen baliokide den lurreratze-zerga. Lehengoan, lagun batzuekin solasean, norberak jabetzan izan beharko lukeen etxebizitza kopuruaren mugaz ari ginen. Eta gaia irten zen: aberastasunari ere muga jarri behar ote zaio? Ingrid Robeyns ekonomialari eta filosofoak uste du baietz. Muturreko aberastasuna justifikaezina dela dio, eta pertsona batek ondo bizitzeko beharko lukeena baino ez lukeela izan beharko. Zenbat da hori?, galdetuko didazu. Robeynsen arabera, muga: 10 milioi euro. Atera kontuak.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE