martxelo otamendi

Aberri Eguna, noizko batera?

2026ko apirilaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Onartu beharra dago aspaldi galdu zuela Aberri Egunaren ospakizunak bidaia agentziekin zeukan lehia. Herri oso baten festa, edo behinik behin gure herriaren parte handi batena, izan beharko lukeena alderdien festa bihurtu da azken hamarkadotan. Ospatzen dutenen kasuan, bakoitzak bere aldetik ospatzen du, erakutsiz horretan ere ezinezkoa dela gutxieneko batasuna. Eta hori aski ez, eta abertzaleen esku dauden erakunde publikoek ere ez dute ospakizun ofizialik egiten.

Azken urteotan, Aberri Eguna bateratua egitea proposatzen ari den plataformak, Euskal Herria Batera-k, urtero gogoratzen die alderdi abertzaleei ahalegin handiagoa egin beharko luketela ospakizun bateratua egiteko. Oraingoz, alderdien egun txikia delako Aberri Eguna izan beharko lukeena. Alde ideologiko handiak daudela gure herriko alderdi abertzaleen artean? Bai, noski, eta zer herritan ez dute ba alderdiek proiektu desberdinak? Eta, hala ere, nazioaren egunaren ospakizun ofiziala eta bateratua egiten dute herrialde askotan: Espainian, Frantzian, Italian, AEBetan, Katalunian… Zergatik ez gurean?

Alderdi abertzaleek egun horretan egiten dituzten ekitaldiei eutsita —ezin diegu eskatu bat-batean bertan behera uzteko—, baina, formula bat bilatu beharra dago ekitaldi bateratu sendo bat egiteko: Euskal Herri osoko alderdi abertzaleak ospakizun ofizial batean bilduko dituena eta herritarren parte handi baten parte hartzea bultzatuko duena. Euskal Herria Batera helburu horrekin jaio zen, eta topatuko du modua Aberri Eguna ospatzeko prest dauden alderdiak —eta herritar asko, hori baita garrantzitsuena— ados jartzeko.

Ez daukagu ez ereserki adostu bat, ez gure herriaren izen komun eta adostu bat, ezta herri ospakizun bateratu bat. Noiz arte segitu dezakegu horrela, nor bere aldetik, batasun faltaren irudi hori ematen? Amore ematen hasteko garaia da.

Ez da erraza izango, baina egin-ezinik ez dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA