Goizalde Landabaso

Abiadura

2026ko azaroaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Anbotopean, Arrazolan, badago bide berde zoragarria. Udagoiena, ezin aproposagoa da bertatik osteratxoa egiteko, naturan barneraturik, zeure oinotsak entzuteko. Niri neuri beti esan didate isiltasuna entzuten dela han, baina nik, daitort, baso arteko soinuak entzun izan ditut beti. Buelta egin orduko, lehen bazegoen taberna bat, berrindartzeko oso balekoa. Aspaldiegi egin ez dudan bidea da. Aberatsa bazara, noski, zuzenean Axpera joko duzu zeure Jaguar edo Porschearekin izendatu berri den munduko jatetxerik onenean bazkaltzeko. Aberats izateak prezioa dauka eta, zuk bai, zuk isiltasuna entzungo duzu, eta ez: orbel artean ezkutatzen den sugandilaren soinu iheskorra, edota, hamaika txorien txorrotxioak. Haran miresgarri honek zapatillak eta patxada eskatzen ditu eta, ez, aldiz, apatxeen zaldi zoro kuadrilladun autorik.

Espainia aldean izan berri den tren istripu larrian Javier Barrio izeneko gizon baten emaztea hil da. Erretiroa hartzear zegoen eta, senar alargunak azaldu legez, tren bidaia hori zen erretiroa arteko azken bidaia. Eta, tamalez, izan da. Hedabideen aurrean naretasunak ematen duen argitasunarekin tatuatzeko moduko esaldia utzi zuen: «Hauek dira presadun kapitalismoaren arorik okerreneko hildakoak». Neure inguruko gehienekin, denak ez esatearren, hitz egiten dudanean argi dugu galga eman behar diogula. Bizkorregi goaz guztian, eta gauzak arin eta fite egin nahi horretan iheskorregi bilakatzen ari gara. Gure bizitzak, itsasoan txalupek pasaeran uzten duten ubera dira, baina haien sosegu bakoak. Lucrecia Masson idazle argentinarrak «Todo aquello que ya estaba» (Bazegoen hori dena) eleberriaren karira emandako elkarrizketa batean tatuatzeko beste esaldi bat utzi du: «Kolapsoan dagoen planeta honen aurrean, erabateko eta muturreko arreta jartzea proposamen politikoa da».

Udagoienaren koloreak eta baso bideak ditut faltan, orbelak zapaltzerakoan ateratzen duen sinfoniara itzuli behar dut, eta Arrazolako bide berderako zapatillak jantzi, beste behin ere, isiltasuna ez dela existitzen berresteko. Egongo al da oraindik bide erdiko taberna zahar hura?

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA