Hedoi Etxarte

Agirre eta nazionalkatolizismoa

2026ko urriaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez balitz 2011ko abuztuaren 16an 90 urterekin hil izan, astelehenean Pilar Berezibar Galdos gure amatxiren urteak lirateke. Horren partez, egunotan Eusko Jaurlaritzaren efemeridearen eslogana entzuten dugu irratian: Demokrazia, askatasuna eta justizia soziala. Ia edonork onartuko lituzke printzipio horiek, ia faxista denek eta ia komunista denek. Baina ni Pilarrez gogoratzen naiz eta, zehazki, lehenengo Jaurlaritzaren buru izan zen Jose Antonio Agirreren ibilbideaz egiten zuen irakurketaz.

Nerabezarotik argi esaten zigun 1936ko udaberritik aurrera Agirreren alde egon behar ginela, amaierara arte, baina aurretik Agirre «etsaia» zela Marcelino Orejaren oso laguna zelako. Gure amona ez zen inor, Imenasako behargin baten etxekoandrea, Jagi-jagiko gudari baten arreba, 1934an eta 1936an errepresaliatutako UCEMeko langileen senidea. Egunaren arabera «sozialista eta abertzalea» ala «abertzalea eta sozialista». Kontua da, udaberrian, haren seme gaztearen —gure aitaren— liburuak begiratzen, Pilarrenak zirenekin topo egin nuela eta tartean zegoela Agirreren Entre la libertad y la revoluciĂ³n 1930-1935, 1976ko berrargitalpenean. Liburua maisuki idatzia dago (594 orrialde). Osorik gazteleraz, salbuespen bakarretakoa da Goyan Bego gure lagun ona, 1934ko Debagoieneko iraultzaileek Marcelino de Orexa hil zutenean idazten duena. Oreja da Agirrek gehien aipatzen duen politikarietako bat (argazkietan gehien agertzen dena) eta programa, berriki hemen Iñaki Galdosek adierazi duen bezala, «antikomunista eta kristaua» da.

Ezohikoa izan zen Agirrek faxismoaren kontra 1936ko udaberritik 1937ko udara egin zuen lana. Baina interesgarriena lehenago dago, aldaketa horren aurretik: Agirrek Estatutuaren alde egindako aliantzak jaimistekin izan ziren, nazionalkatolizismoaren —faxismo kristauaren— oinarri politiko eta sozialekin, nahiz eta ezkerreko abertzaleek, sozialistek eta errepublikazaleek Estatutua babestu, guztiaren gainetik Agirre langile askapenaren adierazpenen kontra zegoen. «Oso eskumakoa», Pilarrek esaten zuen bezala.

Pena litzateke, gurean gutxitan bezala, pertsonaia historiko interesgarrienetako bat bere zabaltasunean aztertu ordez karikatura bat egitea. 1936ko batasun abentura antifaxista horren ostean, Agirre euskal nazionalista katolikoa berriro itzuli zen Vatikanoak markatutako lekura.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA