Agirre eta Leizaola ez zirela ezpal berekoak, gauza jakina da. Garaiak ere, halakoxeak bakoitzak. Indar faxistei aurre egitea egokitu zitzaion batari; besteari, zain egotea, Balbe alferrak diktadorea noiz eramango.
Eskuizkribu bat tarteko ezagutu nituen Iñaki Isasmendi eta Xabier Larrañaga herrikideak. Gerran ibiliak ziren biak, Itxarkundia batailoian. Limpias-en etsi zuten. Espetxera. Erresistentziara abiatu ziren gero, amerikanoek Franco botako zuten esperantzan. Zaputzetik zaputzera beti. Liburuan kontatzen du Isasmendik, Agirreri beila egiten ari zirela, han agertu zitzaiela lehendakari berria. Uko biek eskua emateari. Joseba Rezolak eskatuta agurtu zuten azkenean. Gudarien diziplina. Zergatik ez zuten Leizaola estimatzen, liburuan esaten da. Leizaola ez zen Agirre. Ezta hurrik ere. Bata erresistentziaren irudia zen, eta zintzoa. Bestea zaharkitzen hasitako alderdi baten buru… eta jauntxoa. Horrexegatik utzi zuten Euzko Gaztedi biek.
Berriki, nazioarteko mania puta bati jarraikiz (Kennedy, De Gaulle, Suarez…) Loiuko aireportuari «Agirre Lehendakaria» izena ematea proposatu du Gasteizko Legebiltzarrak. Sainete hutsa izan da guztia. EH Bilduk eramanik, jeltzaleak kontra agertu dira; ez izenagatik, ezpada besterena izan delako ideia eta eurena santua. Arrazoitu dute: «ezker abertzalearen tradizio politikoa bekoz beko egon da Agirreren ondarearekin». Azkenean, EAJk proposatuta atera da asmo bera aurrera. Horra politikaren magia, matrimonio muturtu baten dinamikaren pareko. Bozketan inork ez die esan bekoz bekotarrei euren botoak nahi ez dituztenik.
Orain, burugabetzaren ajeak, Espainiako Garraio Ministerioak eman behar dio ameto burutazioari. Han gauzak nola dauden ikusita, ez litzateke harritzekoa izango, Trumpek JFK Airporten egin nahi izan duen bezala, beste izenen bat eranstea Moncloako nagusi berriek, heltzen badira behintzat. Areilza, esaterako; edo txepelkeriak utzita, Mola, zer arraio. Denok baitakigu gerra oro bi aldeek galtzen dutela.