Goizalde Landabaso

Aingeruak

2026ko apirilaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jennifer Nansubuga Makumbi ingelesez idazten duen Ugandako idazle bat da. Ofiziala ez den lugandarra du ama hizkuntza, baina, ahozkotasunerako arazorik ez badu ere, badu lugandarrez idazteko. Hortaz, ingelesa du literatur hizkuntza. Nik ez nuen ezagutzen, eta elkarrizketa batean irakurri diot, besteak beste, 50 urte bete zituenean urteak betetzeari uztea erabaki zuela. Mugarria hogeita hamarretan jar zezakeen edota lehenago, baina nik uste dut indartsu sentitzen zen horretan ezarri zuela berak mugarria. Aste berean, Kate Jackson, Jacklyn Smith eta Cheryl Ladden oraingo argazkia atera dute, Charlieren aingeruak telesaila egin zenetik 50 urte bete direlako. Hamarkada batzuk badituzu akorduan izango dituzu, telesail mitikoan sekula ikusten ez zen gizon baten aginduetara lan egiten zuten hiru detektiberen joan-etorrietan ibiltzen zirelako. Zelan daude? Ikusten den larrua leun-leuna eta distiratsua, zimurrik apenas... hauek ere, biologiarekin borrokan. Ebakuntza estetikotik pasatzen direnek leinu berekoak izaten amaitzen dutela iruditzen zait, izen-abizen ezberdineko klonak. Uniformizazio estetikoa.

Bekatu da gure garai argitsuotan zahartzaroa eta denboraren joanak uzten dituen lorratzak ametitzea eta erakustea. Egungo edertasunaren kanon tiranikoak ezinezkoa dena egitera garamatza eta, batik bat, andrazkoengan du eragina. France 24 telebista katean, lehengoan, zimurrak bistan zituen emakume-aurkezlea azaldu zen, eta gero, kanonak onargarritzat dituenak baino kilo gehiago zituen beste aurkezle andrazkoa. Lankide batek harriturik esan zidan: «Hara! Bai bitxia emakume errealak ikustea albistegiak aurkezten». Beldurgarriak dira emakume errealak, batzuek (betikoek narru berriturik) munduaz eman nahi duten irudia hausten dutelako. Edo... emakume errealak dira benetan gorrotatzen dituztenak eta hortik gure gorputz eta aurpegiak kontrolatu nahi izatea? Ez, ez, ez; hori ezinezkoa da, misoginiaz (lugandarrez: okukyawa abakyala) arituko ginatekeelako, eta garai argitsu hauetan horrelakorik ez dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA