martxelo otamendi

Amnistia eta Otamendi futbolaria

2026ko uztailaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iritsi da, askok nahiko genukeen baino dezente beranduago, Kataluniako independentzia prozesuaren arduradun nagusiak amnistiatzea helburua zeukan amnistia legeaz Europako Justizia Auzitegiak eman behar zuen erabakia. Iritsi da, eta ebatzi du legea ez dela Europako interes ekonomikoen aurkakoa, eta zilegi zela lege hori onartzea, helburua, besteak beste, Kataluniako giro politikoa baretzea zelako. Komeni da gogoratzea lehendabizi indultuak izan zirela —2021eko ekainean— eta gero etorri zela amnistia —2024ko maiatzean—.

Min handia hartu zuen Espainiako Auzitegi Gorenak Espainiako Gobernuak emandako indultuekin eta amnistiarekin, indargabetu egin zutelako goi auzitegi horrek Kataluniako buruzagiak gogor eta era eredugarrian zigortzeko zeukan estrategia.

Denbora pasatuko da oraindik egoitza Luxenburgon daukan auzitegiaren erabakiak ondorio sendoak edukitzeko, baina poza eraman du Kataluniako sektore askotara, eta, neurri berean, haserrea Espainiako askotara. Luzea da amnistia jasoko dutenen zerrenda, Carles Puigdemont presidente ohia buru: erbestean dauden Toni Comin eta Luis Puig kontselari ohiak, Oriol Junqueras, Jordi Turull eta Dolors Bassa, Generalitateko 35 goi kargudun ohi, Artur Mas presidente ohia… Orain arte, 403 pertsonari aplikatu zitzaien amnistia: 181 manifestari, 158 polizia eta 64 goi kargudun. 

Behin Luxenburgok oniritzia emanda amnistiari, auzitegien hierarkiagatik erabaki horren zain egon den Auzitegi Konstituzionalak erabaki egin beharko du geldirik eduki dituen helegiteei buruz. Aldeko ebazpena espero da. Baina erne Auzitegi Gorenak bidean jar ditzakeen harkaitzekin.

Plano aldaketa. Igandean Espainiak eta Argentinak jokatuko dute Munduko Futbol Txapelketako finala, New Jerseyn, AEBetan. Argentinarekin, 2009tik, Nicolas Otamendik jokatzen du. Ez litzateke ideia txarra izango euskal selekzioari partida ofizialak jokatzea galarazten dion Espainiako Federazioaren taldeari, Espainiako selekzioari, igandean Argentinak irabaztea Otamendiren gol pare batekin. Justizia poetikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA