Gaur, milaka faxistak manifestazioa egingo dute Lyonen. Deitzailea Aliette Espieux antiabortista da, militante femonazionalista, Eliot Bertin neonaziaren emaztea.
Lyongo urmael izoztu batean jipoitu ostean hilik agertu zen 20 urteko Ismael Aali 2026ko urtarrilaren 6an. Egunean bertan ez zen apenas albisterik zabaldu eta gazte magrebtarra hiltzeko arrazoia arrazakeria izan zela esaten hasteko bi aste behar izan zituzten.
Asteon, Quentin Deranque hil dute, Action Française talde faxistako kidea, emakume ultraeskuindarren Nemesis taldearen propaganda ekintza baten baitako eraso baten ekintza koordinatu baten ondorioz gertaturiko liskar batean. Deranque, La Croix egunkari katolikoaren aburuz, «ultraeskuindarra» zen; Mediaparten hitzetan, «neofaxista». Antifak noiz iritsi zain zeuden neonaziak metalezko makilekin, Le Canard enchaîné-k bideoz ere erakutsi duenez.
Radio Novako saioaren amaieran Akim Omiri umoristak oso oinarrizko kontu hauxe gogorarazi zuen: «Berriz esango dugu: inor ez litzateke hil behar dauzkan konbikzio politikoengatik, azalaren kolorearengatik edo erlijioarengatik. Utziozue itxurak egiteari eta esateari antifak Frantziarentzako arrisku bat direla. Gezurra baita. Jean Moulinen heriotza ez da Goebbelsen heriotzaren berdina. Beraz, oinarria gogoratuko dut: faxistak homosexualen kontra daude, bisexualen, arabiarren, beltzen, juduen, transen, asiarren, ez-binarioen, ijitoen, errefuxiatuen, migranteen, are elbarrien kontra ere. Antifaxistak faxisten kontra daude, ez zaitezte arriskuz okertu».
Mugimendu antifaxista, berdin Lyonen zein Gasteizen, beti antolatu da naziei aurre egin behar izan zaienean. Lyonen ultraeskuinak adinekoei eraso die Palestinaren aldeko batzarretan, kolpatu ditu homosexualak eta migranteak hil. Deranque bezalako neonaziena Estatuaren babesa duen sare handi baten parte da. Poliziek migratzaileak hiltzen dituzte errepide kontroletan, eta 2023ko urritik 6.464 frantses joan dira Gazara, adin guztietako palestinarrak ehizatzera. Azken 40 urteotan, Frantzian, neonaziek 48 pertsona hil dituzte; ultraeskuineko erasoen defentsan, antifek 5.
Zentzu horretan, hobe genuke Deranque bat Euskal Herrian gertatu aurretik atzoko eta gaurko faxismoaz luze eta zabal aritu, aski diferentea bailitzateke Hegoaldeko historia EAJk 1936ko uztailean atera zituen ondorioak 1931ko udaberrian atera izan balitu, edo sikiera 1935ean.