martxelo otamendi

Artemis II, irudi kanpaina?

2026ko apirilaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zutabegile hau bakarra ote da uste duena NASAk adarra galanki jo digula Artemis II misioak egin duen operazioarekin? Horrenbesteko zalaparta mediatikoa sortzeko al da 2026an espaziontzi bat Ilargi ingurura joatea, aurreneko aldiz itzuli osoa ematea eta, askoz gehiago egin gabe, etxera –ondo, zorionez– itzultzea?

Duela urte asko –1969ko uztailaren 20an– bai eman ziguten pozteko arrazoi handia Neil Armstrong, Buzz Aldrin eta Michael Collins astronauta estatubatuarrek; haiek izan baitziren –terraplanisten baimenarekin esanda– Ilargian oina jarri zuten aurreneko gizakiak. Hura aurrerapen teknologiko ikaragarria izan zen. Baina Artemis II-k egin duenak non du meritua? Aspaldi ez zuela NASAk era horretako operaziorik egin? Hori ez da meritua, hori utzikeria izan da.

AEBak eta Errusia espazioan lehenak izateko lehia hartan, Errusia izan zen aurrena espaziora astronauta bat ateratzen: Yuri Gagarin, 1961ean. Horrek sutan jarri zuen John Fitzgerald Kennedy presidente estatubatuarra, eta NASAko zuzendaria Bulego Obalera deitu eta agindu zion Ilargia zapalduko zuen espedizioa prestatzeko. Diotenez, NASAko zuzendariak «hori nola egiten da?» galdetu zion presidenteari, eta Kennedyk horrela erantzun zion deblauki: «Hori zure arazoa da, horretarako zara NASAko zuzendaria». Diotenez.

Urte asko igaro dira 1969 hartatik, teknologiak –era guztietakoak– ikaragarrizko aurrerapenak egin ditu orduz geroztik, eta askoz ere meritu handiagoa dauka duela ia hirurogei urte egindakoak Artemis II-k egin berria duenak baino. Hura abentura bat izan zen, hau txango bat.

Zer dela-eta horrenbesteko zarata Artemis II-k egin duenarekin, ez bada erakusteko txinatarrei espazioaren lehia horretan –Ilargian egoitza finkoa jartzea, alegia– estatubatuarrak ez daudela lo?

Duda bat. Zilegi al da Ilargian dauden materialak era industrialean gizakiok ustiatzea?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA