Hedoi Etxarte

Azken gutuna Marxi

2025eko ekainaren 28a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Duela aste batzuk Frantziako irrati publikoko 2020ko bost piezako serie bat entzuten hasi nintzen. Karl Marx, l’inconnu (Karl Marx, ezezaguna) ia hamar orduko dokumental bat da, sail handiago baten parte da. Zuzendari lanetan Christine Lecerf germanista ibili zen eta dozenaka lagunek parte hartu zuten: historialariak, ekonomialariak, marxistak, filosofoak, idazleak, artxibozainak.

Ñabarduraz betetako lana da. Marxen lan batzuk irakurri dituen edonorentzat ederra, lanak testuingurura, pertsonara, Marxen eta ingurukoen bizitzara dakartzalako. Uler daiteke Marx poeta (zergatik zen eta zergatik izateari utzi zion), Marx kazetaria (ze posizio politiko zuen garaian eta norantz joango zen gero, noiz eta zergatik idatzi zuen zuraren lapurretaren inguruko testu ezagun hura) eta, ziurrenik, askori gertatuko zaie, niri etengabe, funtsezkoa zen zerbait ez jakitea, esaterako, Heinrich Marx aitari igorriko zion 1837ko azken gutunaren garrantzia. Gerora, sarean topatu dut Montserrat Galceran handiak 1982-83an Madrilgo Complutenseko Anales-etan gutun horren inguruan idatzitako erudizioz jositako pieza.

1837ko azaroaren 10eko gaueko gutunean Karlek aitari azaldu zion nola aldatuko zitzaion bizitza («Aita maitea: Bizitzako une batzuk mugarriak dira ordura arte gertatutakoarekin eta, aldi berean, norabide berria erakusten dute argiki»). Aldaketa profesionalak eta politikoak etorriko ziren, baina, funtsean, Marxek poeta izateari uko egingo zion, filosofiara lerratzeko: «Irakurri ditut Hegelen filosofiaren pasarteak. Suminduta, egun batzuz pentsatzeko zeharo ezgai egon naiz. Arimak garbitu eta tea kolorgetzen duen Spree ibaiaren ur zikinaren inguruko lorategietara egin dut korrika. Poema guztiak erre ditut». Azaroan eta abenduan erantzungo zion Heinrichek, baina hunkigarriena, posizioagatik, aitaren azken gutuna izango zen, hil aurreko azkena, zeinetan Heinrichek esaten zion Karli «zeharo fidatzen zela [Karlen] bihotzaz, moraltasunaz.» Henriette amarengatik dakigu ia indarrik gabe altxatu zela Heinrich gutuna idaztera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.