Iñigo Aranbarri.

Balkoitik kalera

2026ko apirilaren 26a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Penaltietan baino poz handiagoa hartu nuen Donostiako udaleko balkoian gauzak nola gertatzen ari ziren ikusita. Lehen hitza euskaraz guztiek, baita bigarrena, hirugarrena eta azkena ere. Norbaitek ondo oldoztua zuen, eta pentsatu nuen Korrikak berak baino eragin handiagoa izango zuela keinu planifikatu hark: Realeko idoloak euskara hutsean entzuteak piztuko zuen zerbait. Mundua zegoen balkoipean eta mundu eta erdi telebista bestaldean. Kazetariak ere ttak!, amua Aperribai presidendeari, New Jerseyko entrenatzailea euskaraz ausartu zelako. Lau hilabete Euskal Herrira heldu dela. «Matarazzo krak bat da», gazteleraz Debakoak. Eta zu krok bat, neure artean. Horra abian, baina, agindutako Pizkundea.

Poza putz bihurtu zen, ordea, jokalariak balkoitik jaitsi orduko. Aldaketa bazetorrela, festaren kapellmeister lanak hartuko zituen Aritz Elustondok berak iragarri zuen aurrez: «barkatu, baina erdaraz egingo dut denek ulertzeko». Trantsiziotik aldatu ez den mantra gazte euskaldunaren ahotan. Eta hara nola Pizkundearen ametsak atzera egin zuen itsasoak tsunami aurretik legez. Ura nola itzuli zen, ikusia gaude lehendik. Ikastetxe gehienetako legea: euskara ikasgelako hizkuntza da; ez patiokoa. Ez da semiologoa izan behar: erdaraz dibertitzen gara, euskarak liturgiarako baino ez du balio. Eta gaitz erdi hala denean.

Hantxe zebilen hizkuntzaren itzala, tamarindopean. Ingeles poxi bat, portuges tanta batzuk, eta ezin bestela, gainetik kendu ezin dugun mamua Igor Zubeldiaren aurkezpena egiteko unea iritsi zenean: «Kostatu egin zaigu gazteleraz egin dezan, baina dagoeneko ulertzen du». Euskaldunak euskaldunaz, espainolez. Trantsizio garaiko baino zaharragoko labankada publikoa; jai giroa ez zapuzteko, eztabaidan ez hastekoa. Txalo pailazo listoari, zein sinpatikoa euskaldun erdara motza. Eta horra Txanton Garrote ostera ere, Peñafloridako kondearen ituan barregarri.

Baina ez odol gaiztorik egin. Arnasgunetik erraz ikusten da itsasoa, omen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA