Blanca Urgell

Batasunetik indarra

2026ko martxoaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi urteko greba-paperak gorde ditut martxoaren 8ko datarekin, bata 2018koa eta bestea 2019koa. Gogoan dut eguerdiko elkarretaratzera elkarrekin joateko gelditu nintzela lagun immigrante batekin. Zaharrak zaintzen ditu —Urretabizkaiari keinu— administrazio publikoarentzat lan egiten duen enpresa baten bitartez. Berak ez zeukan argi feminista zen ala ez, ezetz uste zuen egiazki, baina bazetorren gurekin deialdiaren zeren batek mugiarazita.

Dato kaletik behera gindoazela, Andre Maria Zuriaren plazarantz, besoko, lepoko, buruko, jaka, prakak, puxikak, aurpegiko margoak, ileko xingolak, zerbait more zeramaten emakume bakarrak eta taldeak ehundaka ikusten genituen gure bide beretik.

Bidean alabarekin kontaktatu nuen mezuz. Goiko aldean aurkitu genituen bera eta lagunak, San Migelen eskailerak baino beheraxeago, Mateo Moraza kalean zehar zetozen ehunka puntu more ikusteko moduan. Eskuinetara genituen kaleetatik, Diputazio kaletik, Errementari kaletik, Zapatari kaletik dozenaka emakume gehiago batzen zitzaizkien plazan bilduta geunden milaka horiei.

Batzuk antolatuta zetozen, talde handitan, musika, janzkera eta pankarta handiekin. Alabaren taldean kartel txiki bana zeramaten, nork berari gehien zegokion mezuarekin. Jai giroa zegoen aldez, aldez aldarrikapen giro aparta. Plazak denetariko mezuak kabitzen zituen, denetariko emakumeak. (Ez dut kontatuko batek bere kartela eman zidala komunera joateko, eta orduantxe atera zuela argazkia Arabako egunkari ezagun batek, zeinagatik biharamunean ni agertzen bainintzen beraren aldarrikapenarekin).

Joan den igandean, martxoak 8, bi lagunekin bazkaldu dut, plaza hartatik ez urrun, berariaz eguna ospatzeko neuk hautatu ditudan emakumeekin. Bazkaria antolatu bai, baina ez nintzen gai izan manifa(k)-edo non-noiz izango zen/ziren jakiteko. Denbora askorik ere ez neukan eta azkenean eskerrak! egin nuen neure artean: «Agian hirurok ez genuen-eta manifestazio berera joan nahi».

Arrese Beitiak zioen: «Fedetik dator batasun ona, / Batasunetik indarra, / Indarrak barriz beragan dauka / Etsaientzako itzala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA