Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Beat emakumeak

2015eko abenduaren 15a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Beat mugimendua joan den mende erdian AEBetan eman zen kultur mugimendua izan zen. Sexua, drogak eta ekialdeko filosofia izan ziren mugimendu horren inguruan batu zirenen leit-motiv-ak. Batez ere, literaturan eman zen. Mugimendu hori beti lotu izan da izen batzuekin: Jack Kerouac, Allen Ginsberg edo William Burroughs idazleekin. Kerouakek esan ei zuen otu zitzaien ideia bat baino ez zela izan. Niri neuri beti gainbaloratuegia iruditu izan zait Kerouac. Eta utzi zituen esaldietako asko, hutsalak. Bizitza atzerria da, edota, amets egitea gizadiak batzen du. Tira, agerian gelditzen denez, drogak hartzen zituzten.

Beat belaunaldiko gizonetaz lar idatzi da. Eta emakumeetaz ezertxo ere ez. Beat belaunaldiak izan zuen emakume idazlerik. Elise Cowen, Joanne Kyger, Carolyn Cassady, Brenda Frazer, Diane di Prima, Leonore Kandel, Joyce Johnson, Ruth Weiss... Sorta ederra izan zen. Annalisa Marí Pegrum itzultzaileak espainiaratu ditu euretako zenbait eta Beat Attitude liburuan. «Sukaldea ez ezik gela guztietan egin dut lo/ eta horrek esan nahi du bakarrik edo konpainian/sinfonian edo kakofonian». Hettie Jonesen poema zatia da. Anne Waldmanek ospetsua zen lagun bati idatzi zion poema ederra (Allen izenekoari. Ginsberg ote?). «Ez zaitez hain konbentzionala izan/ zentzurik bako errukia bazterreratu ezazu/Utzi iezaiozu esaten jende guztiari zer egin behar duen/ otzan izateko gero». Ruth Weiss: «Basamortu oro mitoa da/ zu bezain benetakoa». Ez dakit baina zinez interesgarriak egin zaizkit.

Asko bizirik daude, eta gehienek idazten jarraitzen dute. Bidea, ordea, lakarra izan dute. Baztertuak, lizunkeriagatik epaituak. Arazo psikologikoak izan zituzten askok. Pamielak ba omen du 1991n kaleratutako liburu bat non emakume hauetako batzuk azaltzen diren: Siete poetas norteamericanas actuales (AEBetako gaur egungo zazpi poeta).

Itzalak argi bilakatzen diren heinean poesia zaleok irabaziko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA